'Zinema eta zientzia' zikloa antolatu dute Filmategiak, Donostia International Physics Center‐ek eta Zinemaldiak
Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center‐ek, eta, aurten lehendabizikoz, Donostia Zinemaldiak antolatutako hirugarren Zinema eta zientzia zikloa aurkeztu dute gaur. Egitasmoa 2020ko urtarriletik martxora egingo dute Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan. Bost erakundeetako arduradun nagusiek parte hartu dute aurkezpenean, eta zikloaren xehetasunak iragarri dituzte. Aurten, interes zientifiko handiko hamaika film proiektatuko dituzte, eta saio guztietan, izen handiko zientzialari bat arduratuko da filma aurkezteaz eta proiekzio ondorengo solasaldia gidatzeaz; horiek askotariko erakundetatik etorriko dira. Hainbat hitzaldi ere antolatu dituzte.
Era berean, aurtengo egitasmoak hainbat berritasun izango ditu: zientziaren alderdi desberdinak jorratuko dituzten bost hitzaldi, ikastetxeei zuzendutako proiekzioak, musika zuzenean izango duen emanaldi bat, eta Donibane Lohitzunen ospatuko duten ekitaldi berezi bat.”Euskadiko Filmategiaren eta Donostia International Physics Center‐en arteko kolaborazioa 2018an abiatu zen Zinema eta zientzia zikloarekin. Publikoaren aldetik jasotako erantzun onak 2019an bigarren ziklo bat antolatzera bultzatu gintuen, eta aurten, 2020an, hirugarrena ospatuko dugu jada”, azaldu dute antolatzaileek.
Beste berrikuntzetako bat da Donostia Zinemaldiaren parte hartzea. Azken Zinemaldian, hiru erakundeek indarrak batu zituzten eta gaiaren inguruko proiekzioak antolatu zituzten gazteentzat Belodromoan. Horri jarraituz, gaur aurkeztutako zikloarekin ere bat egin du Zinemaldiak.
Zikloa datorren ostiralean, urtarrilaren 8an, abiatuko da Donostian, eta urtarrilaren 11n, berriz, Bilbon. Orotara, hamaika film proiektatuko dituzte, eta lehenengoa izango da Agora (Alejandro Amenabar, 2009). “Hipatiaren figura ardatz hartuta, erlijioaren eta zientziaren arteko eztabaidan murgilduko gaitu, Antzinarotik gaurdaino bizi‐bizi dirauen eztabaida, bidenabar”, adierazi dute aurkezpenean. Pedro Miguel Etxenike fisikaria, EHUko katedraduna eta DIPCko presidentea izango da lehen zientzialari gonbidatua, eta berak aurkeztuko du Amenabarren pelikula. Honako estekan aurkitu daiteke zikloaren programazio osoa.
Zinema emanaldietarako sarrera 3,50 euroan egongo da eskuragarri, eta Tabakalerako Informazio Puntuan, zineko leihatilan (emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago) eta Interneten egongo dira salgai; %10eko deskontua izango dute Tabakalera eta Donostia Kultura txartelak dituzten ikusleek.