Espainiako Futbol Ligak Reala salatu du Indarkeriaren Aurkako Batzordearen aurrean
Espainiako Futbol Ligak aste honetan Indarkeriaren Aurkako Batzordeari helarazi dion txostenean Reala ageri da, joan den asteburuko Villarrealen aurkako partidan “indarkeria bultzatzen duten edo eduki iraingarri edo intolerantea” duten kantikak egon zirelako. Kantika horiek debekaturiko jarrera gisa jasota daude eta, beraz, zigorgarriak dira.
Salaketan hainbat kantika aipatzen dira. Hasteko, 13. minutuan estadioko hegoaldeko harmaila baxuko, Aitor Zabaleta animazio harmailako, 800 bat zalek Eres un nazi, Zozulya eres un nazi kantika hamar bat segundoz era koordinatuan abestu zutela jartzen du salaketan. Albacete taldeko Roman Zozulya jokalariari egiten dio erreferentzia esaldi horrek. Rayo Vallecano taldeko jokalari ohia da Zozulya, eta talde madrildarrak eta Albacetek abenduan jokatutako partidan La Ligak salatutako kantikaren moduko oihuak jaso zituen zale madrildarren partetik, jokalariak hainbat aldiz sare sozialetan egin duen nazismoaren apologiarengatik. Partida bertan behera utzi zuten horregatik, nazia izatea ukatu zuen Zozulyak ondorengo prentsaurreko batean, eta La Ligak Rayo Vallecano zigortu zuen.
Zozulyaren aurkako oihuak, ordea, ez dira salaketan jaso dituzten bakarrak. Txostenaren arabera, 84. minutuan, Villarrealeko atezaina ateko sake bat egitera zihoanean, zonalde bereko 800 bat zalek era koordinatuan eta aldi bakarrean oihukatu zuten Ehhh, portero cabrón, hijo puta, maricón, español esaldia. Era berean, 86. minutuan, jokoa geldi zegoenean, aipatu zonaldeko 800 bat zalek Españoles hijos de puta kantika zortzi segundoz eta danbor baten erritmoaren laguntzaz oihukatu zutela salatu du Espainiako Ligak.
Azkenik, aipatu harmailako zaleek 90+6. minutuan tapoidun ur botila erdi bete bat zelaira bota zutela ere jarri dute txostenean. Botilak ez zuen jokalaririk kolpatu, baina Villarreal taldeko jokalari batengandik hurbil erori zen. Honek zelaitik atera zuen, eta Jose Maria Sanchez Martinez epaileak jaso zuen, gertakaria aktan jasoz. Salaketa baloratu behar du orain Indarkeriaren Aurkako Batzordeak, eta klub txuri-urdina zigortuko duen edo ez erabaki.