Gabonetako azokako erabiltzaileak igo egin dira, noriakoak, ordea, jaitsi
Gabonetako azokako bisitarien gorakada dela eta, datorren urtean hiriko beste hainbat tokitara hedatzea aurreikusten du Donostia Sustapenak. Era berean, noriako bidaiak %45 jaitsi dira.
Gabonetako azokako bisitarien emaitzen oso balorazio positiboa egin du Donostia Sustapenak. Gabonetako atrakzioetako bisitariak neurtzeko jarritako sentsoreek 1.390.000 pertsona detektatu dituzte azaroaren 30etik abenduaren 6ra, horietako 585.261 azokako bisitariak dira, iaz baino %4,6 gehiago. Horregatik, datorren urtean azoka Katalunia Plazara (Gros), Easo Plazara (Amara) edo Zuloaga Plazara (Parte Zaharra) hedatzea aurreikusten dute. Gune berrietan, produktuak saltzeko tokiez gain, elikagaien saltokiak eta Gabonetako argiztapen bereziak jartzeko asmoa dute. Azokaren eragin ekonomikoari dagokionez, iazkoaren antzekoa izan da, Donostia Sustapenaren arabera: 2,08 milioi eurokoa. Bestalde, abenduaren 6an jaso zituen bisitari gehien azokak, 39.402 bisitarirekin.
Era berean, gaur egungo argiztapena jartzeaz gain, Askatasunaren Hiribideko eta Antso Jakituneko argiztapena areagotuko dute zonaldeko lanak bukatzen dituztenean, eta argiztatutako Gabonetako zuhaitz handi bat jarriko dute Pio XII plazan. Era berean, hiriko saltoki eta ostalaritza establezimenduek euren kanpoaldean Gabonetako argiztapena jarri ahal izateko laguntzen saila ezarriko dute. Ernesto Gasco sustapen ekonomikoko zinegotziak azaldu duenez, Gabonetako giroa hiri guztira hedatzeko asmoz zabalduko dute azoka: “Gabonetako Azoka sendotu egin da eta hiriko beste gune batzuetara hedatu nahi dugu jaso ditugun eskakizun ugariei eta saltokiren bat atzitzerik izan ez dutenei aukerak eman ahal izateko. Horrez gain, azoka deszentralizatu eta Donostiako hainbat plazatara hedatu nahi dugu Gabon giroa leku gehiagotara irits dadin”.
Azokako datuez gain, Gabonetako atrakzioen datuak ere eman dituzte. Alderdi Ederreko noriakoak dira datu esanguratsuenak, 43.600 bidaia egin dira aurten, iaz baino %45 gutxiago. Gainontzeko atrakzioek honako datuak izan dituzte: Izei tiobiboak 12.000 bidaia, Olentzeroren atrakzioak 9.000 bidaia eta Astotxoen atrakzioak 1.200 bidaia.
Bestalde, 682.487 bisitari izan ditu Alderdi Ederreko zonaldeak, 58.059 bisitari argiztatutako kupulak, 39.948 bisitari argiztatutako bola erraldoiak, 23.379 bisitari Belenetako karpak eta 2.260 bisitari Iglu gardenak. Era berean, 60 kultur jarduera egin dituzte aurten, eta jakina zenez, 415.000 euroko kostua izan dute argiek eta 320.000 eurokoa azokak. Donostia Sustapenaren arabera, aldiz, 430.000 euro jasoko dituzte “hainbat laguntzaileri esker”.