'Little Women', klasiko gaurkotua
‘Little Women’
Zuzendaria: Greta Gerwig
Herrialdea: AEBak
Urtea: 2019
Little Women filma 1868an Louisa May Alcott idazleak argitaratu zuen eleberri arrakastatsuan oinarrituta dago, eta XIX. mendean Massachusetts hirian bizi diren lau ahizpen heldutasunerako bidea erakutsiko digu. Aita AEBetako Gerra Zibilean frontean borrokatzen dagoen bitartean, etxea ama eta alaben arduran geldituko da. Hortaz, lau «emakumetxoek» –haien ametsak alde batera utzi gabe– familia aurrera ateratzeko borrokatu beharko dute. Josephine (Jo) odolberoak, idazlea izan nahi du; Margaret (Meg) arduratsuak, aktorea; Amie (Amy) erromantikoak, margolari arrakastatsua; eta Elisabeth (Beth) gaixoberak, pianoa jotzea du gustuko. Urteak igaro ahala, ahizpak emakume jaiotzeak suposatzen dituen mugekin jabetuko dira, eta elkar laguntzea izango dute aurrera egiteko modu bakarra.
Hainbestekoa izan da liburuaren arrakasta belaunaldi belaunaldiz, non egun –publikoa ziurtaturik duela– zinema guztietan dugun filmaren seigarren egokitzapen hau ikusteko aukera. Istorioa Louisa May Alcotten –idazlea bera– bizitzan oinarrituta dago, eta Jo izeneko pertsonaiaren oroitzapenen bitartez, garai hartako gizarteari buruzko hausnarketak helarazten dizkio irakurleari: emakumeen independentzia eza, maitasun mota desberdinak eta familiaren garrantziaren gogoetak, besteak beste. Guztiaren gainetik, Little Women honek jatorrizko eleberria gaur egungo begiradarekin biltzen du, aldarrikapen feminista azpimarratuz. Eta, betiere, oinarri erromantiko, alaia, ameslaria eta gozoa mantenduz.
Greta Gerwig zinemagile estatubatuarrak zuzendu du film gozagarri hau, eta ohikoa duen zinema indie horretatik urrun, publiko orokorrarentzat eta industriarentzat film klasiko borobil bat sortu dezakeela erakutsi du. Hori bai, berezitasun batekin: aurreko filmen narratiba lineala alde batera utziz, istorioaren bukaerak emango dio hasiera filmari. Hau da, Jo-k Little Women eleberria argitaratu berri duela atzera joko du bere oroitzapenen bidez ahizpen istorioa eraikitzeko eta emakumeen egunerokotasunari buruzko eleberri batek izan dezakeen indarra aldarrikatzeko.
Filmak ere XIX. mendeko Ipar Amerikako landa eremuen edertasuna erakutsiko digu uneoro. Yorick Le Saux, argazki zuzendariak, plano bakoitza olio-pintura bat izango balitz bezala filmatuko du, eta, horrela, kolorez beteko du pantaila eta March familiaren unibertsoan murgilduko du ikuslea.
Antzezlanei dagokionez, Gerwigek zuzendu zuen azkeneko filmean bezala, Saoirse Ronan (Lady bird, 2017) da filmaren protagonista eta primerakoa da bere lana beste behin ere. Gainera, eskarmentu handiko aktoreek osatu dute antzezle-zerrenda: Meryl Streep, Emma Watson (Harry Potter), Florence Pugh (Lady Macbeth, 2016), Timothee Chalamet (Call Me by Your Name, 2017) eta Louis Garrel (Un homme fidele, 2018). Salbuespen bakarra, nire ustez, Laura Dern-en interpretazioa da: lau emakumetxoen ama da bera eta bere antzezlana da sinesgaitza iruditu zaidan bakarra.
Egunotan ikusteko film aproposa da erabat: egokitzapen zuzena delako, noski, gozoa erabat, baina aldi berean aldarrikatzailea eta estetikoki gozagarria. Joan zaitezte zinemara Jo, Meth, Amie eta Bethekin batera barre eta negar egitera, azken finean klasikoek ez dute inoiz huts egiten eta.