Herritarren ekarpenen kudeaketa hobetzeko proiektua abian jarri du udalak
Belarri proiektua jarri du abian Donostiako Udalak. Herritarren ekarpenak, iradokizunak eta proposamenak egiteko bideak aztertzea du helburu. Herritarren iritziak, banakakoak zein kolektiboak, udalaren erabakiak eta jarduerak hobetzeko aprobetxatu nahi dituzte. Juan Ramon Viles Gobernantzako zinegotziak eman ditu xehetasunak.
Gaur egun, herritarren iradokizunak, proposamenak edo kexak jasotzeko hainbat bide ditu udalak. Une honetan, kanal anitz horiek guztiak baloratzen eta nola hobetu hausnartzen ari da, komunikazioaren zein eraginkortasunaren ikuspegitik. Testuinguru horretan, lantalde tekniko bat sortu eta abiarazi da udalaren barruan. Era berean, herritarrak zuzenean inplikatu nahi dituzte, eta horretarako, parte hartze prozesu bat egingo dute.
Ezaugarriak
Herritarren Ausazko Lan Mahai bat sortuko da. Mahai hori Donostian erroldatuta dauden 30 pertsonak osatuko dute. Pertsona horiek zozketaz aukeratuko dira, eta gai jakin bati buruz trebatuko dira, ondoren informazioa emateko, hausnartzeko, eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko. Donostiako ezaugarri demografiko nagusiak biltzen dituen lagin adierazgarri bat prestatu da, hiru adierazlerekin osatua: adina, sexua eta biztanleen bizilekua. Lagin adierazgarri horien artean 30 profil desberdin sortu dira eta 10 herritar aukeratu dira profil bakoitzeko.
Horrela, 300 herritarreko zozketa egin da. Beraz, datozen egunetan, 300 herritar horiek gutun bat jasoko dute etxean, prozesuaren oinarrizko informazioa (gaia eta hitzordu nagusiak) eta lantaldean izena emateko modua jasoko dituena. Prozesuaren lehen bilera urtarrilaren 23an izango da, eta lau saio aurreikusi dira ausazko herritarren lan-mahaiarekin. Lau saioei erantzuteko eskatuko zaien galdera hau izango da: nola hobetu udalaren eta herritarren arteko hartu-emana eta komunikazio sistema?
Hiritarren taldeak ez du bakarrik lan egingo. Udalaren barruan ere departamentu arteko lantalde bat sortu da, horren inguruko balorazioa eta hobekuntza proposamenak egiteko. Beraz, bi lantaldeen ekarpenak elkarren osagarri izango dira, eta prozesuaren une batzuetan elkarrekin lan egitea aurreikusten da. Gainera, prozesuaren gaiarekin zerikusia dutela uste duten eragileek, inplikatuek eta/edo herritarrek gune bat izango dute gonbidatu gisa parte hartzeko.