Lau enpresa ari dira Dbizi berriaren kudeaketa eskuratzeko lehiatzen
Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, lau enpresa esperientziadun ari dira lehiatzen Dbiziren bizikleten alokairuaren kudeaketa eskuratzeko lehiatzen. Lau enpresek, gainera, bandalismoaren aurkako neurriak dituzte euren proposamenetan, bizikletak babesteko. Izan ere, hori izan da zerbitzuak bere sorreratik izan duen arazo nagusia, hedabide gipuzkoarraren arabera. Iazko uztailean erabaki zuen Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Dbizi zerbitzua Dbusen eskuetan uztea, eta Dbus bera da bizikleten alokairuaren zerbitzua kudeatuko duen enpresa kontratatzeaz arduratzen ari dena. Enpresa kudeatzaile berria hautatzeko prozesua publizitatearekin negoziatzen ari dira, eta irailean amaitu zen proposamenak aurkezteko epea. Kontratua lortu dezaketen lau enpresak azken proposamena aurkezteko lan egiten ari dira, eta irizpide tekniko eta ekonomikoen arabera baloratuko dituzte proposamen horiek. Zortzi urterako kontratua egingo dute, zazpi milioi euro (BEZik gabe) inguruko balioa izango duena.
Zerbitzuaren kudeaketaren negoziazio eta adjudikazio prozesua aurreratuta dago, eta urte honetako lehenengo seihilekoan ixtea aurreikusten dute. Kudeaketa berriarekin, zerbitzuak izango dituen aldaketak ahalik eta azkarren aplikatu nahi dituzte, bizikleta elektrikoez gain, mekanikoak ere izango baititu Dbizi berriak, horientzako geltoki sinpleago batzuekin batera. Bizikleta kopurua handitzea da bizikleta mekaniko horiek jartzearen helburua, eta erabilera ordutegia 6:00etatik 00:00etara zabalduko dute.
Bizikleta elektrikoentzako 34 geltoki izango ditu Dbizi zerbitzuak eta beste 34 bizikleta mekanikoentzako, eta era progresiboan jarriko dituzte hirian. Hain justu, enpresa adjudikatzaileak lau hilabeteko epea izango du bizikleta mekanikoen lehenengo 32 geltoki berriak jartzeko, gaur egungo geltoki elektrikoen inguruan. Erdialdekok, Amarakoak, Ibaetakoak, Grosekoak, Egiakoak, Antiguakoak, Aietekoak, Loiolakoak, Intxaurrondokoak eta Ategorrieta-Uliakoak dira geltoki horiek, eta 267 bizikleta mekaniko ere jarri beharko ditu enpresa horrek.
Bonopark enpresa da gaur egun Dbizi zerbitzua kudeatzen duena, eta ez du bere zerbitzua etengo geltoki eta bizikleta berriak instalatzeko prozesuak irauten duen bitartean. Behin prozesu hori bukatuta, kontratua eskuratzen duen enpresak hilabeteko proba epea izango du, non Bonoparkek eta enpresa berriak batera emango duten zerbitzua. Epe horren ondoren, Bonoparkek bere geltokiak kenduko ditu, eta enpresa berriak hamabi geltoki elektriko berri eta 120 bizikleta elektriko berri jarriko ditu.
Etorkizuneko bigarren fase batean, Dbizi zerbitzua zabaldu egin beharko du enpresa adjudikatzaileak, hiriko auzo altu gehiagotara iristeko. Horrela, 137 bizikleta berri jarri beharko dituzte fase horretan –120 elektriko eta 17 mekaniko–, baita 24 geltoki berri ere –22 elektriko eta bi mekaniko–. Berrikuntza horiekin, zerbitzua Altzara, Bidebietara eta Martutenera iritsiko da.