Loiola auzoari buruzkoa izango da igandeko 'Herri txiki, infernu handi' saioa
Loiolatik ibiliko dira Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga igandeko Herri txiki, infernu handi saioan, eta 22:00etan ikusi ahal izango da ETB1 kanalean. Auzoko hainbat bizilagunekin bilduko dira Pagadi eta Gurrutxaga, eta hainbat gai jorratuko dituzte. Besteak beste, auzoko hainbat bitxikeria historiko kontatuko dituzte, kuartelaren ondoan bizitzearen nondik norakoak emango dituzte bizilagunek, auzoa baserriz beteta zegoenean nolakoa zen azalduko dute, Pili Jauregik 15 urtez jarri duen panpin paradari buruzko bitxikeriak emango ditu eta auzoko giroa nolakoa den azalduko dio Ander Edo IRUTXULOKO HITZAko kolaboratzaileak Pagadiri, besteak beste.
Iazko urrian ere Donostian egon ziren Pagadi eta Gurrutxaga Herri txiki, infernu handi saioa egiten, Añorga auzoan, hain justu. Añorgako bizilagunen eta auzoaren inguruko hainbat bitxikeria kontatu zituzten saio hartan, eta hedabide honek hainbat irudi bildu zituen grabazioan.