On Kixote donostiarra
Donostiar guztiek ezagutzen dute Kontxa hondartzari begira dagoen Cervantes plazako On Kixote eta Santxo Panzaren estatua, baina gutxik dakite zein den monumentuaren benetako historia.
Madrilgo On Kixote eta Santxo Panzaren estatuaren oso antzekoa da Donostiako Cervantes plazan dagoena, eta askok Madrilgoaren kopia dela uste dute. Errealitatea, ordea, zeharo desberdina da, Donostiakoa baita obra originala.
Izan ere, Lorenzo Coullant Valera artista sevillarrak (1876-1932) Madrilen 1929an jarriko zuen estatuaren brontzezko prototipo bat egin zuen 1923an. Obra hori Monzako Nazioarteko Erakusketan egon zen, eta 1973an, artistaren bilobak, Carlos Coullantek, proposatuta, Nicolas Lasartek erosi zuen 500.000 pezetatan, orduko Eguisa enpresako presidenteak (enpresa horrek eraiki zuen Cervantes plazako aparkalekua). Urte bereko uztailaren 4an inauguratu zuten, aparkalekuarekin batera. 1989an monumentuaren beste erreplika bat inauguratu zuten Bruselan, garaiko Espainiako Gobernuak oparituta.
Utzikeria eta gutxiespena
Jarri zuten egunean bertan jaso zituen lehenengo kritikak, garaiko artistek obra zaharkitutzat hartu baitzuten. Gutxiespena, ordea, ez zen hor gelditu, eta urte luzez herritar askok «paper-zapalgailua» deitu izan diote bere tamaina txikiarengatik.
Donostiako hainbat udal gobernuren utzikeria eta gutxiespena ere jasan du monumentuak. Hain justu, Odon Elorza alkate ohiak estatua kentzeko ere proposatu zuen 2006an, Madrilgoaren “erreplika bat” eta “balio txikikoa” zela kontsideratuz.
Horretaz gain, hegaztien gorotzez beteta egon zen urte luzez, eta hondatuta agertu zen behin baino gehiagotan; On Kixoteren besoa, lantza eta bere zaldiaren bridak hautsita eta Santxo Panza eta bere astoa lurrean botata, besteak beste. 2011n, Cervantes plazaren berrikuntzarekin batera, iturri batek urarekin bustitzen duen brontzezko peana bat jarri zioten monumentuari. Kantauri itsasoko arrainak daude hor irudikatuta, Miguel de Cervantesen obrako pasarte batzuei keinu eginez, non On Kixotek Ebro ibaiko Insula Barataria uhartetxoko gobernua ematen dion Santxo Panzari.