Renfek kontakturik gabeko txartel berria atera du
Datorren astelehenean, hilaren 13an, +Renfe & tu izeneko kontaktu gabeko txartel berria jarriko da abian, Gipuzkoako aldirietako trenen zerbitzuan. Euskarri berria da; behin eta berriz kargatu daiteke eta trenetarako sarrerak eta irteerak erraztuko ditu. Txartel honek banda magnetikoa duten paperezko tiketak ordezkatuko ditu pixkanaka.
Txartel berria erosteko bi aukera egongo dira: pertsonalizatua eta pertsonalizatu gabea. Lehena eskuratzeko, 2 euro ordaindu beharko dira; bestea, berriz, 50 zentimotan erosi ahalko da. Ez batak ez besteak ez dute iraungitze datarik eta edozein leihatila edo makinatan kargatu daitezke. Bi txartel motak Donostiako eta Irungo geltokietako leihatiletan erosi daitezke. Baita ere, Renferen webgunean dagoen inprimakia betez eta langileak dauden edozein geltokitan entregatuz erosi daiteke.
Pertsonalizatua plastikozko txartel bat da, izena eta titularraren argazkia izango ditu eta Donostiako aldirietako trenetan eskuragarri dauden edozein tiket erosteko aukera emango du: joanekoak, joan-etorrikoak, hilabetekoak eta mugagabeak. Gainera, deskontu bereziak jasotzen dituzten pertsonek inolako dokumenturik aurkeztu gabe jasoko dituzte beherapenak (familia ugaria dutenak edo Urrezko Txartela dutenak kasu) txartelak automatikoki identifikatuko dituelako onuradun bakoitzaren deskontuak kargatzerako unean. Pertsonalizatu gabeko txartelak, berriz, bidaia bakarreko edo joan-etorriko txartelak erosteko aukera emango du bakarrik.