Urtea ondo hasteko heldu dira Antiguako sansebastianak
Gorputza urte amaierako jaietako neurrigabekerietatik berreskuratzen ari denean iritsi dira Antiguako jaiak. 50 ekitaldi baino gehiago dituen egitarauarekin, auzoko jai batzordeak bi astez luzatuko den festa antolatu du. Danbor hotsak ixildu arte, hortaz, atsedenik ez Antiguan.

Azken asteetako festa guztiekin nahikoa ez, eta, Antiguan, sansebastianei ekingo diote gaurtik aurrera, round berri baterako prest. Zorionez, aurtengo jaiak eramangarriagoak izango dira oraindik gorputza osatu gabe duten horientzat, festa hiru asteburukoa izatetik bi asteburukoa izatera pasako delako. Gauzak horrela, gaur arratsaldeko txupinazoarekin hasiko den jaia San Sebastian eguneko bandera jaitsierara arte luzatuko dute auzoan, jai batzordeak hilabeteetan zehar osatutako egitarau zabalarekin. Giro eta gustu guztientzako ekitaldiz josita, sansebastianek urtea modu ezin hobean hasteko aukera emango diete auzotarrei.
Ane Muro eta Asier Anabitarte Antiguako jai batzordeko kideak dira, eta biak harro agertu dira taldearen lanak izan duen emaitzarekin: “Urteroko formatu bera jarraitzen saiatu gara baina, egutegiaren ondorioz, hainbat egokitzapen egin behar izan ditugu”. Izan ere, urtarrilaren 18an egitekoa zen kuadrillen bazkaria larunbat honetara aurreratu dute, San Sebastian egunarekin zuen gertutasunagatik, eta jaien hasieran egin ohi den poteo elegantea, berriz, urtarrilaren 17ra atzeratzea erabaki dute.
Guztira 50 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte datozen egunetarako: kontzertuak, kirol probak, kultur ekitaldiak, dantzak, haur zein gazteentzako jolasak… Eta dagoeneko martxan dira. Izan ere, egitarauko lehen ekitaldiak atzokoak izan ziren: AEK-k Txirain elkartean antolatutako ardo dastaketa eta Barrexerkak Dokan eginiko emanaldia.
Kontzertuak ardatz
Jaietako osagai garrantzitsuenetako bat izanik, aurtengo kontzertuek zapore ona utziko dutela espero dute jai batzordekoek. Urteroko moduan, Antiguako frontoia izango da jaietako agertoki nagusia, eta, urtarrilaren 18an, luxuzko izenak igoko dira horra Antigua Rock delako gauean: Lisabo, Mursego eta Telmo Trenor.
Egun bat lehenago, aldiz, Auzo Rock jaialdiarekin girotuko dute festa, oholtza musika talde gazteei eskaintzeko asmoarekin. Horrela, gauean, euren etxetik Silicies Grizzlies, Kontrabando eta Khatxis taldeen doinuak entzungo dituzte frontoi inguruko bizilagunek.
Jada pisuzkoa den eskaintzari, ordea, are izen gehiago gehitu dizkiote Txantxarreka gaztetxeak eta Doka antzokiak, Alerta Gorria, La Regadera, Natali, Kaos Urbano, The Guilty Brigade, Jotakie eta Plan B-ren kontzertuekin.
Dena ez da parranda izango
Gauez festan gogor ariko diren arren, egunean zehar ajea etxetik kanpo pasatzeko moduko planak izango dituzte auzotarrek. Izan ere, besteak beste, kultur eskaintza zabala dakar aurtengo egitarauak. Igandean, esaterako, Mikel Laboa Bertso Sariketa egingo dute Dokan, bederatzigarren urtez, Euskal Herriko hainbat puntutatik etorritako sei gonbidaturekin: Maddi Aiestaran (Beasain), Txaber Altube (Abadiño), Oihana Arana (Eskoriatza), Xabal Illarregi (Leitza), Aissa Intxausti (Lekeitio) eta Iker Ormazabal Tturko (Hernani).
Txantxarreka gaztetxeak, berriz, Erradikalak ginen performance feminista jasoko du hurrengo ostegunean, eta Lugaritz kultur etxeak ere antzerkiak, literatur solasaldi bat, musika eta zine proiekzio bat eskainiko ditu jaietan zehar. Urtarrilaren 18an, bestetik, dantza emanaldi bat izango dute frontoian, Antiguako Tempo 22 dantza eskolaren eskutik, eta, ondoren, auzoan zehar egingo duten flashmob batekin biribilduko dute goiza.
Emakumeen Pala Txapelketako finalak, Ziklokross Kinkiak, bakailao txapelketak eta haurrentzako ekitaldiek osatzen dute, besteak beste, jai batzordeak proposaturiko plan sorta aberatsa.
Aurten ere, Txillardegi gogoan
Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak Antiguako idazle eta euskaltzalearen omenezko bi ekitaldi egingo ditu igande goizean, jaietako egitarauaren barruan. Bere heriotzaren urteurrenarekin bat eginez –Txillardegi 2012ko urtarrilaren 14an zendu zen–, hura gogoratu eta bere aitortza ofiziala aldarrikatzeko elkartuko dira auzotarrak, joan den urtean egin zuten modura.
Iazko jaietan, idazleak txikitan ezagutu eta Antigua 1900 liburuan islatutako hainbat leku bisitatu zituzten, Josu Tellabide etnologoak gidatutako Txillardegiren Antigua izeneko ibilaldian. Aurten, berriz, egitasmo hura ohitura bilakatuko dute beste paseo batekin. Honakoan, Santa Klara, gure uharte ezezaguna liburuan oinarritutako ibilaldia egingo dute, larunbatean, 11:30ean Gaskonia plazatik abiatuta.
Ondoren, plaza berera bueltatuko dira, 13:30ean hasiko den Txillardegi gogoratuz: musika eta hitza emanaldiaz gozatzeko. Hor, Mikel Antza idazleak errezital bat eskainiko die ikusleei, Eneko Sierraren saxoaz lagundurik.
Dena prest dute, bada, hemendik aurrera jaiez gozatzeaz arduratuko diren auzotarrek. Baina ez daitezela fio, uste baino lasterrago helduko diren inauterietarako indarrak gorde beharko dituzte eta, urtea hasi bezain ondo jarraitu ahal izateko.
Antiguako jaietako egitarau osoa esteka honetan kontsultatu daiteke.