"Zuzendari gisa aurrera aterako dudan proiektua aukeratu nahi dut aurten"
‘Mi querido Klikowsky’, ‘Vaya Semanita’ eta ‘Gym Tony’ telesailetan aritutakoa da Miriam Cabeza (Aiete, 1984) aktorea, eta hainbat gauza egiteko asmoa du 2020an, ez soilik aktore gisa.
Zergatik aukeratu duzu Alai?
Produktuari dagokionez, tortilla pintxoarengatik. Bestalde, bizi naizen lekutik gertu gelditzen zait, eta oso terraza atsegina dauka. Terraza duten taberna ez oso jendetsuak gustuko ditut, kanpoan idazten edo dena delakoa egiten egotea gustatzen zaidalako.
Urtean zehar Madrilen bizi zara?
Bai. Madrilera joan nintzen hemen baino ikus-entzunezko ekoizpen gehiago dagoelako. Donostian lana izango banu, pentsatu gabe hemen biziko nintzateke, baina nire lanarengatik joan behar dut.
Nola ikusten duzu Donostia itzultzen zaren bakoitzean?
Itzultzen naizen bakoitzean daukadan sentsazioa da ez ditudala hainbeste gauza galdu. Hainbat hilabete kanpoan egon naiteke, baina itzultzen naizenean iruditzen zait hemen denbora mantsoago doala.
Nola ikusten duzu Donostiako kulturaren egoera?
Jende askok eskaintza gutxi dagoela esaten du, eta Madrilekin alderatuta gutxi dago, baina logikoa da. Nik uste dut hemen, mugitu nahi baduzu, gauero plan bat daukazula: kontzertuak –Dabadaba egunero kontzertuak egiten ari da, esaterako–, erakusketak, La Farandulako mikro-antzezlanak, eta abar.
Donostian hasi zenuen zure ibilbidea aktore gisa?
Bai. Donostian zeuden formakuntza leku guztietatik pasa nintzen: Binahi, TAE, eta abar. Hala ere, eskerrak eman behar dizkiot ETBri, telebista ibilbide bat egitea ahalbidetu didalako.
Baduzu erreferenterik?
Galdera honek bertigo asko ematen dit beti, ez naizelako inoren oso fanatikoa. Proiektuak nahiago ditut, hau da, film batean aktore bat oso ondo dagoela iruditzen bazait, film horretan gustatzen zait, baina gero beste batean baliteke ez gustatzea. Christien Will aktore estatubatuarra, adibidez, oso gustuko dut, baina ez da bere antza eduki nahi izanaren sentsazio hori. Bere umoreak inspiratu egiten nau, besterik ez.
Qué vida más triste telesailarekin hasi zinen telebistan?
Ez, lehenengo gauza Mi querido Klikowsky izan zen, 22 urterekin. Aurretik beste casting asko egin nituen, publizitate kontuetarako, batez ere, eta telesailerako egin nuena baino askoz zailagoak izan ziren asko. Izan ere, Mi querido Klikowskyko castingeko hainbat zuzendari antzerki eskolan nire irakasleak izandakoak ziren, beraz, lehenago ikusi ninduten lan egiten. Horregatik, erraza egin zitzaidan casting hori. Gailetak iragartzeko casting batzuetan zailagoa jarri izan didate! [barreak].
Vaya Semanita saioko pertsonaiekin oso ezagun egin zinen.
Bai, Nekane eta Amayarekin, Goretirekin, eta nire ibilbidea markatu duten horrelako pertsonaiekin. Hala ere, Vaya Semanitan egotearen gauzarik interesgarriena astero hainbat pertsonaia egin ahal izatea da. Horrek esperientzia izugarria eman dit; aste berean mojaz, pijaz, abertzalez edo okurritzen zaizun edozein gauzaz egiteak.
Euskal Herriko umorearen erreferente bat da Vaya Semanita?
Bai, eta niretzat baita estatuan ere. Vaya Semanitak egin zuena, gure buruaz barre egitea, politikoki eta kulturalki inorekin lerratu gabe, oso polita da. Eskuzabaltasun ariketa bat egin behar da, edozertaz barre egiten ikasteko.
Nekane Amayaren telesail propioa egin zenuten ondoren.
Film bat ere egin genuen, eta jendeak oso harrera ona egin zion. Gogoratzen dut merkatura joaten ginela grabatzera, han zeuden ijitoekin batera, eta nik esaten nuen, ‘ea nola hartzen duten hauek gure imitazioa’. Izan ere, eguneroko gai-zerrendan dago umorea, Dani Mateok zerbait egiten du eta kondenatu egiten dute. Bada, ijitoek, irainduak sentitu ordez, oso ondo hartu gintuzten; beraien artean grabatzen laguntzen ziguten, produktuak uzten zizkiguten, beraiek erabiltzen zituzten hitzak erakusten zizkiguten eta ez ziren gure parodiaren esajerazioekin mintzen.
Hori da umorea hartzeko bidea?
Bai, baina ikusten duzu nola dagoen kontua gaur egun. Hala ere, egia da gaztelaniazko Entre broma y broma la verdad asoma esana. Hau da, niri, adibidez, borroka feministan nabilela, matxistak izan daitezkeen txiste batzuk daude ez zaizkidanak gustatzen. Grazia gehiago edo gutxiago ahal dizu egin, eta nik ulertzen dut gehiena umorea dela, baina batzuetan, odola mugitzen dizun gai bat baldin bada, mindu zaitzake.
Mugimendu feministan militatzen duzu?
Iruditzen zait borrokak egunero izan behar duela, jendea kontzientziatzeko. Bizi dugun garaia gustatzen zait, jendea egunero gertatzen denaz pixka bat kontzienteago izaten ari delako. Horregatik, galdetzen didatenean, ‘feminista zara?’, erantzuten dut, ‘zu ez?’. Arraroa feminista ez izatea iruditzen zait.
Hala ere, ez naiz talde handi batek pentsatzen duen gauza bera pentsatzen duenetakoa. Gutxitan manifestatzen naiz zerbaitengatik, ez dudalako gehienek pentsatzen dutena pentsatuko. Hau da, manifestazioak dezente kostatzen zaizkit, baina egunerokotasunean justua ez den zerbait ikusten dudanean, hitzen bidez eragiten saiatzen naiz.
Ezagunak zareten pertsonek, gainontzekoengan eragiteko ahalmena duzuen heinean, batzuetan busti egin behar zaretela diote askok.
Ni ez naiz asko bustitzen. Sare sozialak, esaterako, oso gaizki erabiltzen ditut, eta ez zait esposizioa nabarmentze pertsonal gisa gustatzen. Errespetu asko ematen didate sare sozialek, eta badakit nire lanaren parte direla, baina niri lan egitea gustatzen zait, eta puntu. Bertigo asko ematen dit pentsatzeak Alain jaten ari garen tortilla pintxo gozo hau sare sozialetan jartzen ari naizela, eta hamar antzoki betek ikusten dutela.
Umorea ez den beste generoren bat egitea planteatu duzu?
Nik planteatzen dut, noski baietz. Planteatzen ez dutenak zuzendariak dira [barreak]. Umorea egiten ikusten zaituzte, eta ez zara umoretik ateratzen. Aparteko lan bat egin behar dut orain, erakusteko beste gauza batzuk ere egin ditzakedala.
Euskal Herrian lan asko egin ondoren, estatuko telesail bat egin zenuen: Gym Tony.
Aukera gisa ikusi nuen, nire lana askoz leku gehiagotan ikusiko zutelako eta nire esperientzia zabalduko nuelako. Hasieran bertigo pixka bat neukan, baina Vaya Semanitan landu nuen kodea zen: esketxak eta umore altua. Beraz, inongo arazorik gabe egin nion aurre. Madrilen eman nuen lehenengo edo bigarren urtea nire bizitzako hoberenetakoa izan zen, liluratuta nengoen.
Antzerkia ere egin duzu, ezta?
Madrilen urte eta erdi Burundanga egiten egon nintzen, hango komedia urtetsuenetako bat dena. Gym Tony eta Burundanga uztartu behar izan nituen, baina oso ondo egon zen. Askotan gertatzen da hori gure lanbidean; %100era egotetik %0ra pasatzen zarela.
Burundanga milimetrora idatzita dagoen obra bat da, komediak ez diolako matematika izateari uzten, hau da, gag bat bi segundo lehenago edo beranduago botatzen duzu, eta jasotzen duzun guztia aldatu egiten da. Telebista asko egin dut, baina topiko bat bada ere, antzerkiko publikoaren zuzeneko feedbacka oso gustuko dut.
Zinema pixka bat ere egin duzu.
Oso zinema gutxi egin dut; Ocho apellidos vascos filmean eszena txiki bat eta La noche del ratón film independentea. Nik zinema eta bideo errealizazioa ikasi nuen, hau da, ni berez errealizadorea naiz eta zerbait zuzentzea asko gustatuko litzaidake, eta zerbait zuzentzen bukatuko dut ziur. Film txiki bat egitea gustatuko litzaidake, zinema frantsesaren estilokoa, oso intimoa.
Film luze bat zuzendu nahi duzu?
Film luze bat, film labur bat edo antzerki obra bat, aktoreak zuzentzea eta ikus-entzunezko hizkuntzan pentsatzea izugarri gustatzen zait. Aurten istorio asko idatzi ditut, baina ez daukat haren aldeko apustua egiteko moduko bat oraindik.
Adi egon beharko dugu, beraz.
Bai, noski! Gero filma promozionatzeko elkarrizketa bat egin beharko didazu [barreak].
Beldurrezko Astea aurkezten duzu. Gustuko duzu genero hori?
Sei urte daramatzat Beldurrezko Astea aurkezten, eta oso gaizki gelditzen da hau esatea, baina ez da nire generoa, ez da gehien kontsumitzen dudana, nahiz eta lan egiteko oso gustuko dudan. Hala ere, izugarri gustatzen zait beldurra eta generoak mugitzen duen publikoa, eta ez naiz Beldurrezko Astea bezain gauza dibertigarri batean egon.
Zer daukazu buruan 2020rako?
Zuzendari gisa aurrera aterako dudan proiektua aukeratzea daukat buruan aurten, eta aktore gisa ateratzen zaizkidan proiektu guztiak ongietorriak izango dira.
Horretaz gain, musika antzerkia ere ikasi nuen, eta aurten denbora izan dudanez, abesti batzuk konposatu ditut. Horregatik, espero dut hiru edo lau estudioan grabatzea. Jotzeak antzezteak bezain zoriontsu egiten nau.
HAMABIETAN BERMUTA: Zuritoa eta tortilla pintxoa.
Non. Alai taberna. Katalina Erauso kalea, 9 atzealdea (Amara Berri).
Prezioa. 3,50 euro.