Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak hari buruzko erreportaje bat berreskuratu du. Idazle eta hizkuntzalariak Santa Klara uhartearekin izan zuen lotura erakusten du. Elixabete Garmendia kazetaria, 2004ko udan elkartu zen Txillardegirekin, eta Santa Klara uhartean zehar gidari izan zuen. ETBko 'Postdata' saioan eman zuten.
2004ko udan, irailaren 18an, Txillardegik 75 urte zituela, haren leku kutunean, erreportaje bat egin zuten ETBn. Elixabete Garmendia kazetaria elkartu zen Txillardegirekin, eta hura izan zuen gidari irlako bidexkatan. Angel Isturitzen ontzian joan ziren uhartera, eta han bertan, urteetan zehar aztertu zituen askotariko kontuak azaldu zizkion kazetariari.
Nerabe zela deskubritu zuen uhartea Txillardegik. Askotan joaten omen zen hara, eta ondo ezagutzen zuen. Lantoki ere izan zen hainbatetan: soziolinguistika matematikoaren hainbat atal han idatzi zituen, eta literaturan ere utzi zion arrastoa. Harentzat, izen propioz beteta zegoen: Arribizketa, iturri zaharra, arroka haundi, Martiniko zulo… Mikrokosmos txiki baten moduan ulertzen zituen Txillardegik, eta berezitasun guztiak azaldu zituen leku berezi honi eskaini zion liburuan: ‘Santa Klara, gure uharte ezezaguna’.
Uharteak ezkutatzen duen historia iluna ere azaleratu zuen idazleak. Presoak hara eraman ohi zituzten, eta berdin izurriteetan gaixoak. Uharteari izena ematen dion ermita bat ere bazegoen. Finean, lekuaren arrastoak irakurri, eta dokumentazioa bilatu zituen Txillardegik, bideoan azaltzen den moduan.
Garmendiak dio maitasunetik idatzitako liburua dela, ikuspuntu bihozkorra duela, eta halere, ez dela estaltzen egilearen erudizioa. Uharteko toponimian, historian eta dokumentazioan sakondu zuen Txillardegik, eta ohar botanikoak ere egin zituen. Santa Klarako jendeari buruzko interesa ere izan zuen, uhartean bizi zen jendea erretratatu baitzuen, besteak beste, Jose Manuel Andoin dorrezainaren familia. Joan den ostegunean, Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak hitzaldi bat egin zuen Donostian, San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan, eta bertan aurkeztu zuten Elixabete Garmendiaren erreportajea.
Kazetariak kontatu zuen 2004an, Txillardegik 75 urte zituela eta, hari buruzko jardunaldi batzuk egin zituztela, eta besteak beste, Markos Zapiainek parte hartu zuela. 2004ko irailaren 2an erosi zuen liburua, eta erreportajea lotzea erabaki zuen. Kosta zitzaion berarekin elkartzea, baina azkenean lortu zuen harekin geratzea. Eguraldi ederra egin zuen, eta grabazio atsegina izan zela gogora ekarri zuen: “Gozamena izan zen harekin egotea”.
2002tik 2009ra ‘Postdata’ saioan lan egin zuen Elixabete Garmendiak, ‘Gaur egun’ albistegiaren ondoren eman ohi zuten.