Urgulleko saneamendua berrituko du Donostiako Udalak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak bihar, hilaren 14an, onartuko du Urgull mendian saneamendu sistema berri bat, sistema elektriko hobe bat eta komun auto garbitzaile bat egiteko proiektua. Noticias de Gipuzkoa hedabidearen arabera, Girder Ingenieros enpresak idatzi du proiektua, eta 1.023.000 milioi euroko kostua izango du, BEZa barne. Behin proiektua onartuta eta lehiaketa publikoan adjudikatuta, sei hilabeteko epea izango du enpresak lanak gauzatzeko.
Duela hamar urte aurreikusi zuten Urgulleko ur beltzen saneamendua berritzea, baina urtero atzeratu dute proiektua, duen kostu altuarengatik. Saneamendu berriak Motako gazteluan, Natur Txokoan eta Polboriñean emango du zerbitzua, Urgulleko bisitarien gorakada dela eta, udala berrikuntzak egitera behartuta ikusi baita. Izan ere, Urgullek orain arte ez du saneamendu sistemarik izan, hobi septiko batzuk baizik, eta batzuen ur beltzak mendiaren lurretara heltzen ziren. Hain justu, Eguzki Erakunde Ekologistak egoera hori salatu zuen iazko abuztuan.
Tabernako hobi septikoak, esaterako, gainezka egiten du askotan uda garaian, eta gaztelukoa da berrituta dagoen bakarra, nahiz eta komunak ez dauden irekita, ur presio gutxi dutelako. Horregatik, ur presioa hobetzea aurreikusten du proiektuak, horrela gazteluko komunak irekitzea ahalbidetuz. Era berean, komun auto garbitzaile berri batzuk jarriko dituzte iturriaren inguruan, Urgulleko bisitari guztiei zuzenduta, gaur egun tabernan daudenekin ez baita nahikoa.
Bestalde, sistema elektrikoa ere hobetuko dute, gaur egungo potentzia elektrikoa areagotuz. Horrela, kultur guneek berogailua eta aire egokitua izango dute, eta mendiko argiztapen publikoa eta apaingarria berritu eta zabalduko dute.