Borja Senper: "Barkamena eskatu behar diet donostiarrei"
Borja Senperrek, Donostiako PPren udal taldearen bozeramaileak politika uzteko erabakia hartu du, eta hautu horren nondik norakoak azaldu ditu eguerdian eman duen prentsaurrekoan. 25 urteren ondoren utziko du politika Senperrek, eta “gero arte” esaten ari dela nabarmendu du, bere iritzi edo irizpide bat nahi duen edonorentzat atea zabalik uzten duelako. Era berean, printzipioz politikara itzultzeko asmorik ez duela adierazi du: “Batek daki zer gertatuko den zaharragoa naizenean, baina printzipioz ez naiz itzuliko”. Hemendik aurrera zer egingo duen galdetuta, Ernst Young multinazionalera doala azaldu du Senperrek, harreman instituzionaletako zuzendari gisa lan egitera.
Iazko maiatzeko udal hauteskundeetan botoa eman zioten donostiarrei eskerrak eman dizkie, baita hiritarrei barkamena eskatu ere, legealdia bukatu aurretik bere zinegotzi postua uzteagatik. Era berean, onginahia ere eskatu die, politika uztea berarentzat eta bere familiarentzat “hoberena” dela azpimarratu baitu. Horretaz gain, Espainiako klima politikoa ez zaiola gustatzen onartu du Senperrek, baina ukatu du bere alderdiarekin izan ditzakeen desadostasunak izatea politika uzteko arrazoia. Prentsaurreko guztian zehar politikarien jarduna aldarrikatu du, errespetuz eta forma onak mantenduz egin behar dela azpimarratuz. Errespetuzko jardun horrek “terrorismoarekin bukatu” zuela azpimarratu du.