Furgoneta bat erosi eta Lesbosen janaria banatzeko laguntza behar du Zaporeakek
Greziako errefuxiatu kanpamentuan janaria banatzen jarraitzeko furgoneta baten beharra du elkarteak. Horretarako, 40.000 euro lortu nahi dituzte hiru hilabetetan, diru bilketa baten bidez.
“Egoera oso txarra da, eta janaria banatzen jarraitzeko laguntza gehiago behar dugu”. Lesboseko Moria kanpamentuko (Grezia) errefuxiatuen artean janaria banatzen duen Zaporeak elkarteko kideak gainezka daude. Kanpamentuan bizi direnen baldintza tamalgarriak arintze aldera, Zaporeakek 1.500 ano banatzen ditu egunero emakume, haur eta gaixoen artean, baina estutasun ekonomikoek itota, euren lana arriskuan dago.
Azken urtean, Greziako gobernuak han pilatu duen jende kopurua izugarri handitu da, 3.000 lagunentzako lekuan 20.000 pertsona baino gehiago bildu arte, eta, ondorioz, bertakoen bizi baldintzak gero eta okerragoak bilakatzen ari dira. Horri aurre egiteko, Zaporeakeko kideek euren jarduna areagotu nahi dute, baina hori egin ahal izateko, anoen banaketan lagunduko liekeen furgoneta baten beharra dute.
Haien sukaldea kanpametutik aldenduta dagoenez, gertuago dauden gobernuz kanpoko erakundeen espazioetan egiten dituzte banaketak. Janaria horraino eramateko, ordea, furgoneta baten beharra dute. 2019ko otsailaren 11tik, elkartea Lesbosera heldu zen egunetik, zerbitzu hori alokaturiko ibilgailu batekin egin dute, baina horrek dagoeneko 15.000 euroko gastua suposatu dio Zaporeaki, eta etorkizunean ezingo diote gastuari eutsi.
Horregatik, elkarteak diru bilketa bat abiatu du Gipuzkoa Solidarioa Kutxa fundazioarekin batera, furgoneta berri bat erosteko helburuarekin. Haien asmoa hiru hilabeteko epean 40.000 euro biltzea da, martxoa amaierarako, alegia, eta hori lortzeko, hurrengo kontu korrontearen bidez ahal duten neurrian laguntzeko eskaria egin diete herritarrei: 2095 5381 10 1064092199 (Kutxabank).
Lau urte Greziara heldu zirenetik
Zaporeakeko kideek gogoratu dutenez, gaur lau urte bete dira elkarte donostiarra Chios irlako kanpamentura iritsi zenetik. Geroztik, 1.500.000 ano banatu dituzte Greziako irletan bizirauten duten errefuxietuen artean, Chiosen lehenik eta Lesboseko Moria kanpamentuan ondoren.
Denbora horretan, egoera asko okertu da Greziako irletan, eta, egun, 42.000 errefuxiatu baina gehiago daude hango kanpamentuetan harrapaturik. Hala ere, Zaporeakeko kideek nabarmendu dute Turkiatik Greziarako bidea abiatzen dutenen pertsonen artetik soilik %40ak lortzen duela Europara iristea. Azaldu dutenez, gainerako guztiak atzeman egiten dituzte edo bidean hiltzen dira.
Joan den urrian, IRUTXULOKO HITZAk Zaporeakek Lesbosen egiten duen lanari buruzko eta Moriako kanpamentuko errefuxiatuen bizi-baldintza tamalgarrien inguruko erreportaje zabala argitaratu zuen. Esteka honetan irakurri daiteke osorik.