Hilda aurkitu dute preso bat Martuteneko espetxean
Atzo gertatu zen ezbeharra. Lehenik, kartzeletako langileen talde batek eman zuen gertaeraren berri, eta ondoren Espainiako Espetxe Erakundeen idazkaritza nagusiak baieztatu zuen. Hildakoa 41 urteko gizonezkoa da. Ez dute beste daturik eman datuak babesteko legearengatik.
Heriotzaren arrazoia argitzeko denbora beharko dela adierazi dute Espainiako Espetxe Erakundeetako arduradunek. Autopsia egingo diote hilotzari, eta auzibide bat ireki. Bestalde, barne ikerketa bat egingo dute gertaturikoa argitzeko. Dena dela, hainbat hedabidek zabaldu dutenez, droga gaindosi batek eragindako heriotza izan daiteke.
Azken denboran Martutenen hil den bigarren presoa da. Izan ere, pasa den abenduaren 20an beste preso bat hil zen Donostiako espetxean. Bertako presoekin lan egiten duten gizarte langileek eta funtzionarioek espetxeetako baldintza kaskarren inguruan ohartarazi dute.