19.000 pertsona inguru eta 152 danborrada, 2020ko San Sebastian egunean
Aurten, Jose Mari Oiartzabalek, Union Artesanak eta Realeko emakumezkoen hockey eta futbol taldeetako jokalariek jasoko dituzte omenaldiak.
Gutxi gelditzen da San Sebastian egunerako, eta danbor hotsak aspaldi entzuten dira hiriko hamaika txokotan. Hain zuzen, kaleak danbor eta upel hotsez beteko dituzten 152 danborradetako kideen entseguak dira entzuten direnak. Orotara, 19.004 pertsona helduk parte hartuko dute aurtengo helduen danborradan, gaur goizean udaletxean egin duten aurkezpenean jakinarazi dutenez. Han izan dira, besteak beste, Eneko Goia alkatea, Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotzia, eta bi danbor nagusiak: Jose Ramon Mendizabal (Gaztelubide) eta Aitor Oiarzabal (Union Artesana).
Jon Insaustik azaldu duenez, orotara, haurren eta helduen danborradak kontutan izanda, ia 27.000 pertsonak hartuko dituzte hiriko kaleak San Sebastian egunean. Guztira, 152 danborradak hartuko dute parte Donostiako auzoetan barreiatuak, eta “urtero bezala, ahalik eta hobekien kudeatzeko”, zazpi eremutan banatuko dira: Altza – Intxaurrondo, Amara – Loiolako Erribera – Morlans, Antigua, Erdialdea, Gros, Loiola – Egia – Martutene eta Parte Zaharra.
Aurten, gainera, bost danborrada berri aterako dira: Eroskiko lankide eta lagunak elkartea, Karmelo Txiki danborrada, 14 Gurutze danborrada, ONCE danborrada, eta Anaiak Hirian. Insaustik nabarmendu du bostak mistoak direla, eta horrek jaiak daraman norantza erakusten duela. Danborrada berri horiekin, emakumez eta gizonez osatuak dauden danborraden ehunekoa %93,37koa izango da. 19.004 pertsona horietatik, aldiz, 8.120 emakumeak izango dira, eta 10.884 gizonak. Era berean, aurten bederatzi izango dira emakumerik onartzen ez dutenak: Amigos del Europa, Club Cantabrico, Catedral Centenario, Gizartea, Ondar Gain, Bar Antonio, Aizepe, Ollagorra eta Zubi Gain.
Hiru omenaldi berezi
Konstituzio plazan egiten den bandera igoera izan ohi da une berezienetako bat donostiarrentzat; aurtengo igoeran, Jose Mari Oiartzabal musika zuzendari andoaindarrari omenaldia egingo diote. “Oiartzabal Andoainen jaioa izan arren, urte asko daramatza Donostiaren aldeko lan isil, dotore eta doanekoa egiten. Lan neketsua eta esker txarrekoa zen, eta gure gaurik nagusienean, gaurko aurkezpenean emandako batutarekin, Errenteriako Bandaren pieza batzuk zuzenduko ditu”, jakinarazi du Eneko Goiak. Zuzendariak, esker onez jaso du batuta, eta honakoa adierazi du: “Zoriontsua izan naiz lanean eta entzuten. Martxak hobetzen ari gara, baina Sarriegik, batzuetan, ametsetan esaten dit oraindik badela zer hobetu”. Oiartzabal Sarriegiren musikaren “moldatzaile handia” izan da, eta Donostiako festa herrikoietan entzuten diren soinuen moldaketa ugari egin ditu: Kaldereroak, Inude eta Artzainak, Inauteriak, eta abar.
Piezak honako ordena honetan interpretatuko dituzte, eta, guztira, 20-25 minutu inguru iraungo du saioak: Donostiako Martxa, Diana, Oilar zaldieria, Polka, Retreta, Atso zalditeria, Iriyarena eta berriro Donostiako Martxa.
Union Artesanak, 150 urte
Era berean, Union Artesana elkartearen 150. urteurrena dela eta, hainbat jarduera berezi iragarri dituzte. Hasteko, Union Artesanako Danbor Nagusiak, Aitor Oiarzabalek, Donostiako Martxa zuzenduko du Gaztelubideko Danbor Nagusiarekin batera bandera igoeran. Lehenago, baina, Gaztelubide Elkarteak Union Artesana Elkarteari ohiko Urrezko Kupela emango dio. Jose Ramon Mendizabalek urteurrena goraipatu du, eta nabarmendu du Union Artesana “Gipuzkoako elkarte bakarrenetakoa” izango dela 150 urte bete dituena.
“Aurtengo bandera igoera historikoa izango da, Union Artesanari egingo zaion omenaldia dela eta. Gainera, Aitor [Oiarzabal] bandera eta jaitsiera zuzenduko dituen historiako lehen Danbor Nagusia izango da”, azaldu du. Aurten ere, igoera ekitaldian, Kresala taldeak parte hartuko du, eta dantzatuko dituzten piezak honakoak izango dira: Donostiako Martxa, Donostiako Antzinako Martxa, eta Iriyarena.
Union Artesana 1870ean sortu zen, eta Euskal Herriko elkarte herrikoi eta gastronomiko zaharrena da. 150. urteurrena dela eta, datozen hamabi hilabeteetan egingo diren jardueren programa zabalaren berri eman dute gaurko aurkezpenean. “Jarduera bereziak antolatu ditugu 2020. urterako, eta San Sebastian eguna horiei hasiera emateko egun aproposena iruditzen zaigu”, adierazi du Felix Martinez Union Artesanako presidenteak. Gaineratu du ospakizunak ez direla elkarteko kideentzat bakarrik “hiritar guztientzat” baizik.
Bandera igoerako parte hartzeaz gain, urtero bezala bandera jaitsierako protagonista izango da Union Artesana, baina, aurretik, ibilbide berezia egingo dute Parte Zaharreko kaleetatik. La Fraternal elkarteari aitortza egingo diote, elkartearen “aitzindaria” izateagatik, eta festari hasiera emango diote 20:15ean. Hain zuzen, Xabier Obesok propio egindako eskultura bat inauguratuko dute, eta elkartearen egoitza zaharrean, gaur egun Baluarte tabernan, bandera igoera bat egingo dute. Halaber, Lasala plazan ere beste bandera bat igoko dute, han baitzegoen La Fraternal elkartea.
Berrikuntza gisa, beste jarduera bat nabarmendu dute aurkezpenean: bandera jaitsieraren aurretik, zezensuzko bat aterako dute Konstituzio plazako oholtzan, garai batean sokamuturra iragartzeko egiten zuten bezala. Aurtengo errepertorioari Ikusi mendizaleak abestia gehituko diote.
Realeko emakumezkoen hockey eta futbol taldeetako jokalariek, aurtengo Urrezko Danborraren irabazleak, parte hartuko dute ere festan, eta Donostiako Martxa abestuko dute. Ondoren, mastatik Bandera jaitsiko dute eta ekitaldia Txuri Urdin eta Aupa Gizona doinuak interpretatuz amaituko dute.
Bandera, aitortza gisa
Union Artesanak sari berezi bat jasoko duela azaldu du alkateak: Konstituzio plazako liburutegiaren balkoian igo eta jaitsiko den bandera. “Hemendik aurrera, sari edo errekonozimendu hau urtero emango da danborradarekin lotura duen elkarte edota pertsona bati, beti efemeride edo ekintza berezi batekin lotuta”, gaineratu du. Aurkezpenean, hunkituta jaso du Felix Martinezek bandera, baina San Sebastian eguna amaitu arte itxaron beharko dute elkartekoek saria euren egoitzara eramateko.