68. Donostia Zinemaldirako filmak aurkezteko epea zabalik da
68. Zinemaldian parte hartu nahi duten filmek zabalik dute lehen hautaketarako online izen ematea. Film luzeen onarpena ekainaren 15ean amaituko da, eta Zinemaldiko programazioa osatzen duten sail guztietarako eman ahalko da izena, Zinema Eraikitzen, Glocal in Progress eta Nest sailetan izan ezik.
“Iaz bezala, izena emateko galdetegian, filmean parte hartzen duten zenbait kargudunen generoa adierazteko eskatuko da”, jakinarazi dute antolatzaileek. 2018ko irailean “Zinemako parekidetasunaren eta emakumeen inklusioaren aldeko gutuna” sinatu zuten, eta konpromiso horren ondorioa da baldintza hori. Parte hartzeko arauen inguruko informazio guztia, sailetako arautegiak eta izena emateko online galdetegia Donostia Zinemaldiko webgunean eskuragarri daude.