Aspanogi elkartearen aldeko elkartasun festa egingo dute Añorgan
Easo Politeknikoko Kirol eta Gizarte animazioko ikasleek elkartasun festa bat egingo dute otsailaren 8an, larunbatean, Añorgan. Helburua da Aspanogi Gipuzkoako haur onkologikoen familien elkarteari laguntzea. Hain zuzen, jaialdian bilduko duten dirua elkartearentzat izango da, eta, horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte. 10:00etan hasiko dute festa, eta egun osoan zehar jolasak, puzgarriak, musika eta dantzak izango dira, baita Porrotx pailazoaren ikuskizun bat eta zumba saio bat ere. Jatekorik ez da faltako, eta pintxoak eta edariak eskainiko dituzte jaialdiko parte hartzaileentzat.
Easko ikasleak buru-belarri dabiltza antolakuntzan, eta diru bilketan laguntzeko, tonbola bat egingo dute jaialdian. Dagoeneko hasi dira materiala biltzen, eta herritarrei laguntza eskatu diete. “Edozer izango da ongi etorria: kamisetak, ipuinak, musika, sarrerak, eta abar”, adierazi dute. Ekarpenen bat egin nahi dutenek elkartasunfesta@gmail.com helbidera mezu bat bidali beharko dute, eman nahi dutenaren berri emateko.