"Donostiako euskaltzaleen mugimendua ehuntzen jarraitzeko" topaketa berri bat egingo dute
Donostiako Euskaltzaleon Topaketak egin zituzten San Telmo Museoan joan den azaroaren 16an. Topaketa horietan, alde batetik, udaberrian hasitako euskaltzaleon mugimenduaren inguruko diagnosia partekatu eta osatu zuten. Bestetik, aurrera begirako gogoak eta desioak elkarbanatu zituzten. Topaketen itxieran, ondorioetan nabarmendutako puntu batzuei jarraipena emateko beharra azaldu zela azaldu dute antolatzaileek, eta, horregatik, Donostiako euskaltzaleen mugimendua ehuntzen jarraitzeko, beste topaketa bat egingo dute.
Urtarrilaren 23an, ostegunean, izango da, 19:00etan Bagera Elkartean (Hernani kalea 12, behea). Bileraren helburuak dira, euskaltzaleen arteko sareak hobetzea, informazio trukea eta elkarlanari begirako hobekuntzak egitea, hiriko eztabaidetan eta hiriko norabide orokorrean euskaltzaleen eragina handitzea. Horrekin, mugimenduak bere erabakiak hartzeko eta bere ikuspegi propioa lantzeko autonomia izatea bilatuko dute, baita mugimendu zabal eta anitz baten bilgunea izatea, eta auzo, adin eta inplikazio maila guztietako jendea biltzea, inplikazio ere.
“Beraz, Donostiako euskaltzale guztiek parte hartzea du helburua, eragileren batean antolatuta egon edo ez. Bilerara deituta daude auzoetako euskara batzordeetako kideak, herri mugimenduetako kideak, ikasleak, irakasleak, kulturgileak, norbanakoak, eta abar…”, azaldu dute antolatzaileek.