Donostiako gor komunitatearen eskaerak bideratu ditu EH Bilduk
EH Bilduk gor komunitatea integratzeko udal gobernuari egindako proposamenak aurkeztu ditu. Garbiñe Alkiza zinegotziak eman ditu xehetasunak. “Gorrak gure hiriaren parte aktiboa izan behar dute, eta horretarako, guztiontzako irisgarria izango den Donostia bat sortu behar dugu. Udaletxe honetatik eta udal honek antolatzen dituen ekimen publikoetatik hasita”, azpimarratu du Alkizak.
Pertsona gorren erabateko gizarteratze eta parte hartzearen lan egiten duten erakundeak hainbat dira. Horietako batzuk dira Euskal Gorrak Federazioa, Gipuzkoako Gorrak elkartea, Gainditzen Tolosako gorren elkartea, ASOCIDE pertsona gor-itsuen elkartea eta ARANSGI Gipuzkoako Pertsona Gorren Familien elkartea. “Elkarte hauen guztien helburua da euskal pertsona gorren ahalduntzea, erabateko autonomia lortzea eta gure hiri honetan parte aktibo izatea”, azaldu du Alkizak.
Legealdi hasieratik EH Bildu elkarlanean aritu da gorren aldeko lanean ari diren elkarteekin. “Beraien eskaerei esker hainbat ekimen bideratu ditugu Donostia Kulturarekin batera: Donostiako Liburutegi guztietan zeinu-hizkuntzako liburuen ezarpena, eta Olentzeroaren desfilean aurten zeinu-hizkuntza interpretea izatea”. Bestalde, haur danborradan Aitor ikastolak egingo duen hitzaldiak zeinu interprete bat izango du, ikastolak berak erabakita.
Udal gobernuari hainbat proposamen zehatz egingo dizkio EH Bilduk: “Donostiako Udalak interpreteak izatea pertsona gorren eskaerak eta beharrak erantzuteko; Donostia Kulturako ikastaroetako batzuk, zeinu-hizkuntza interprete baten laguntzaz eskaintzea; Donostia Kulturak antolatzen dituen urteko ekintzetako batzuetan, zeinu-hizkuntza interpreteak jartzea eta horrela adieraztea komunikabide eta katalogoetan, ekimena ezagutzera emateko; eta, musika jaialdietarako motxila bibratzaileak erostea, gorrek musikaren bibrazioak sentitu dezaten”.