Emakumeak protagonista, Antiguako jaietan
Joan den ostiralean bota zuten Antiguako jaien hasierako txupina, eta, ordutik, jai giro ederrean murgilduta dabiltza Antiguakoak. Indartsu hasi dituzte sansebastian jaiak, eta datozen egunetan ere auzotarrek ez dute aspertzeko aukerarik izango. Gaur eta bihar, esaterako, emakumeak izango dira protagonista: gaur, urtarrilaren 15ean, Emakumeen Pala Txapelketako finala izango da Antiguako frontoian, eta, bihar, hilaren 16an, Erradikalak ginen performance feminista egingo dute Txantxarreka gaztetxean.
Gaur jokatuko dute Festetako Emakumeen III. Pala Txapelketako finala Antiguako frontoian. Hiru bikote sailkatu dira finalerako, eta modu triangeluarrean egingo dituzte partidak, hemezortzi tantora. 19:30ean hasiko dira, eta honakoak dira amaierara iritsi diren bikoteak: Monika Aizpitarte eta Leire Bayon, Maddi Gonzalez de Sanpedro eta Maddi Agirre, eta Haizea Isasa eta Ane Mendazona. Antolatzaileek jakinarazi dute frontoian musika eta edariak egongo direla, baita “giro aparta” ere. Partidak amaitu ostean egingo dute sari banaketa.
Bihar, aldiz, Ane Labaka bertsolaria eta Bea Egizabal aktorea izango dira protagonistak. Erradikalak ginen performance feminista egingo dute Txantxarreka gaztetxean, 19:00etan. Bi artistek, feminismoa oinarri hartuta, Erradikalak gara antzezlanaren jarraipena egingo dute. Umorez bustiko dute oholtza, eta hainbat gai izango dituzte hizpide: ‘Neska gazte promesa’ etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta zeharkatzen gaituzten beste hainbat gaiez kantatu eta hitz egingo dute, hain zuzen. Sarrerak salgai daude Platero tabernan, 2 euroan.