Danborrada eta elkarte gastronomikoak, bide beretik
San Sebastian egunaren atarian gaude, eta badira pare bat aste danbor eta kupel hotsak entzuten direla Donostian, hiriko danborrada guztiek urtero entseatu behar baitute, egun handian dena ondo joateko. Elkarte gastronomikoen esku daude helduen danborrada gehienak, bide beretik joan baitira elkarteak eta danborrada, kasu gehienetan. Union Artesana da aktiboan jarraitzen duen elkarte zaharrena, 150 urte beteko baitu aurten, eta hasieratik izan zuen bere danborrada propioa. Gainontzeko elkarte gastronomikoen sorreran eta danborradan eragin handia izan du Union Artesanak.
Elkarte gastronomiko asko daude gaur egun Donostian, eta gizartearen aldaketetara egokitu behar izan dira, nahiz eta askok oraindik ez duten pausoa eman. Aitzpea Leizaola antropologoarekin elkarteen historia, gizartean eta danborradan izan duten eragina eta gaur egun bizi duten egoera errepasatu dugu, eta ostiralean irakurri ahal izango da erreportaje osoa IRUTXULOKO HITZAn. Era berean, Union Artesanako Iñaki eta Naike bazkideekin elkartu gara urteurrenaren harira, elkartearen historiari eta gaur egungo egoerari buruz hitz egiteko.
Bestalde, danborradari buruzko hainbat eduki izango ditu ostiraleko astekariak, besteak beste, bi danborrada berriko kide batzuekin elkarrizketa bat, eta Urrezko Danborraren eta Hiritar Merezimenduaren Dominen nondik norakoak.