Hainbat aldaketa egingo dituzte hiriko kaleetan, San Sebastian eguna dela eta
Milaka pertsona ibiliko dira Donostiako kaleetatik hilaren 19ko gauean eta 20an egun guztian zehar, horregatik, aldaketa asko egingo dituzte hiriko kaleetan, trafikoari eta oinezkoei eragingo dietenak. Era berean, udalak gomendatu du autobusa erabiltzea hirian mugitzeko, zerbitzua indartuko baitute.
Alde batetik, haur danborrada dela eta, Erdialdeko zirkulazioa moztuta egongo da hilaren 20an, 10:00etatik 15:ooetara. Hain justu, Bulebarra eta Okendo kalea ibilgailu guztientzat itxiko dute, Argentina Errepublika kalea ohiko zentzuaren kontra jarriko dute garraio publikoarentzat soilik, eta bide horretatik atera beharko dira Okendo aparkalekuko ibilgailuak Gros aldera. Okendo, Santa Catalina eta Camino kaleetatik haur danborradako parte-hartzaileen autobusak baino ezingo dira pasa. Horretaz gain, Hernani, Urbieta, Prim, Bergara eta Idiakez kalea, zein Gipuzkoa plaza itxi egingo dituzte trafikoarentzat, haur danborrada handik pasatzen baita.
Bestalde, Easo kaleko errei bateko noranzkoa aldatuko dute, San Martin eta Mendeurrenaren kaleen artean, Amara Berriko, Loiolako, Ospitaleetako, Martuteneko eta Hernaniko autobusak eta hiriko taxi guztiak pasa ahal izateko. Era berean, Amara Berrira joateko Easo kaletik joan ahal izango da soilik, bi noranzko izango ditu, beraz, kale horrek. Amaratik eta Aldapetatik iristen diren ibilgailuek Amara Berriko noranzkoa hartu beharko dute, derrigor.
TAO zonaldeak
Hilaren 17tik 21era Egoiliarrentzako Aparkaleku Bereizgarria (TAO txartela) duten ibilgailu guztiek hiri osoko aparkaleku mugatuko zonaldeetan aparkatu ahal izango dute, doan. Ez, ordea, 15 minutuko guneetan, ordainketa nahitaezkoa baita zonalde horietan.
Dbus, Euskotren eta taxiak
Dbuseko hainbat lineatan aldaketak egongo dira haur danborradak irauten duen bitartean, eta zerbitzuak indartuko dituzte 19 eta 20 gauean. Euskotrenek ere hiriko joan-etorriak indartuko ditu. Ekialdebuseko autobusei dagokienez, Mirakruz kalean geldituko dira, eta ez dute zubia pasako. Aireportura doan E21 lineak eta E8 lineak, aldiz, Federico Garcia Lorcan egingo dute geldialdia.
Hegoaldeko autobusei erreparatuz, G1 lineak Aldapetatik eskuinera egingo du, Lizarra kaleko norabidean, ondoren bere ohiko ibilbideari ekiteko. A1 lineak, ordea, Federico Garcia Lorca 2 geltokian egingo du geldialdia. Bestalde, mendebaldeko autobusak Easo kaletik Antso Jakitunera joango dira, Pio XII.a-ra eta Izostegira joango dira. Era berean, TssT eta G2 lineak San Martin kaletik iritsiko dira, epaitegi zaharrean geldituz, eta UK linea Pio XII.a-tik iritsiko da, Federico Garcia Lorca 2 geltokian geldituz.
Azkenik, haur danborradak irauten duen bitartean Bulebarreko, Askatasunaren Hiribideko eta Idiakez kaleko taxien geralekuak zerbitzuz kanpo geldituko dira, eta Askatasunaren Hiribideko alde bikoitian egongo dira, Okendo eta Santa Katalina artean.