Saharako iheslarien kanpamenduetarako janari bilketa egingo dute
Sahararen aldeko karabana: itxaropena elikatu egitasmoa abian da hamaikagarren urtez. Horri esker, Tindufeko (Aljeria) saharar iheslarien kanpalekura eramateko elikagaien bilketa egingo dute larunbatean, hilaren 18an. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (S.E.A.D) Lagunen elkarteak antolatu du jarduera, eta bilketan parte hartu dutenek, elikagaiak eraman ahal izango dituzte Groseko eta Egiako Eroski supermerkatuetara, baita hiriko hainbat eskola publiko eta pribatutara ere. Antolatzaileek jakinarazi dute, honako elikagaiak behar dituztela “bereziki”: arroza, pasta, atuna eta sardinak oliotan, azukrea, lekaleak eta konpresak.
Karabana datorren otsailaren 29an aterako da, 12:00etan. Donostian, egitasmoarekin bat egiten du Dbus enpresak, eta bere garajeak uzten dizkie antolatzaileei, Euskadi osoan bildutakoa hor pilatu eta antolatzeko. Era berean, bildutakoa garraiatuko duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kamioiak Zurriolan elkartuko dira, eta elikagaiak erakutsiko dituzte. Abiatu aurretik, Agurra dantzatuko diete, eta Alacanteko portuan geldialdi bat egin ostean, kanpamenduetara joango dira. Han, Saharako Ilargi Gorriak jasoko ditu elikagaiak, eta banaketaz arduratuko da.