150 urte aisialdiaren erreferente gisa
Duela 150 urte sortu zen Union Artesana elkarte gastronomikoa, aktiboan jarraitzen duen zaharrena.
Herritarren aisialdirako gune eta kultur jardueren antolatzaile gisa hazi dira elkarte guztiak, eta danborrada da euren jarduera nagusia. Urteekin, ordea, elkarteen izaera eta ematen zaien erabilera aldatu egin da, nahiz eta batzuek ez duten oraindik gizartearen aldaketekin bat egin.
Donostian sortu ziren Euskal Herriko lehenengo elkarte gastronomikoak, XIX. mendearen erdialdean. La Fraternal izan zen sortu zen lehenengo elkartea, 1843tik 1870era iraun zuena. Sute bat izan zen urte hartan bere egoitzan, eta desagertu egin zen. Sutearen errautsetatik jaio zen Union Artesana, urte berean sortu baitzuten La Fraternaleko bazkide ohi batzuek. Aitzpea Leizaola antropologoaren arabera, 1813ko erreketaren ondorengo berreraikitzean jarri zituzten gaur egun ezagutzen dugun hiriaren zimenduak, eta testuinguru horretan sortu ziren elkarte gastronomikoak: “Erreketaren ondorengo berreraikitzean, hiri burges bat eraikitzen hasi ziren, hirugarren sektoreari zuzendutakoa eta aisialdiari oso lotutakoa. Lehenago merkataritzari oso lotuta zegoen, baina turismoarekin lotzen hasi zen berreraikitzearen ondoren”.
Garaiko aisialdi guneak tabernak eta etxe batzuetako sotoetan zeuden sagardotegiak ziren. Azken horietatik sortu ziren elkarte gastronomikoak, tabernarien agindurik gabeko bilgune gisa. Hala ere, aisialdi horretarako eskubidea gizonek soilik zutela nabarmendu du Leizaolak: “Aisialdia kontsumoari lotuta dago gure gizartean, eta dirua eskatzen du. Zeinek zeukan dirua? Lan ordaindua egiten zuenak. Momentu batean emakumeak ere etxetik kanpoko lan ordaindua egiten hasi ziren, baina aisialdian gastatu ahal izateko diru dezente behar zen, eta nahikoa zegoenean gizona zen aisialdian gastatzen zuena”.
Bestalde, elkarte gastronomikoek aisialdia demokratizatzen zutela esaten zuten garai hartan, XIX. mende bukaerako eta XX. mendeko hainbat erreferentziatan iturginak bankariaren ondoan afaltzen zuela nabarmentzen baita. Besteak beste, Donostia bisitatzen zuten turistek sortu zuten iruditeria hori, Leizaolaren arabera: “Gizarte britainiarrean, esaterako, horrelako bilgune batzuk daude, club deiturikoak, non ezin den edonor sartu. Hain gizarte klasista batean, aisia ere oso zatituta dago”. Horregatik, hemengo elkarteak “horizontalagoak” eman dezaketela gaineratu du antropologoak, baina harago begiratu behar dela uste du: “Ikusi beharko genuke nortzuk diren elkarteen sortzaileak eta jabeak. Baliteke, baita ere, elkarte batzuk hasieran irekiagoak izatea, baina urteekin itxiagoak bihurtu izana, beraien zonaldea esklusiboagoa bihurtu delako”.
Union Artesanaren ereduari jarraitu zioten ondoren Donostian sortu ziren elkarte gehienek, onerako edo txarrerako. Horrela, hiri guztian zehar, Gipuzkoa osoan, eta gainontzeko lurraldeetan zabaldu ziren. 115 elkarte daude gaur egun hirian, eta emakumeak heren batean baino ezin dira sartu sukaldera.
Elkarteak gizarte eragile gisa
Askotariko kultur eta kirol jarduerak antolatzen zituzten lehenengo urte haietan Donostiako elkarte gastronomikoek, eta jarduera jakin bati lotuta sortu ziren asko. Leizaolak azaldu duenez, kultur jarduera berritzaileen antolatzaile moduan aritu ziren elkarteak, baita garaian garaiko erakundeek antolatzen zituzten kultur jardueren osagarri gisa ere. Euskal Billera aipatu du azken kasu horren adibide gisa: “Haur danborrada, esaterako, Euskal Billerak jarri zuen abian, eta guztiz gauza berritzailea izan zen. Izan ere, haurrak garai hartan ez ziren aisialdiaren agente, eta hiriaren kultur eskaintza asko zabaldu zuen horrek”.
XIX. mendeko bigarren erdialdeko elkarte gastronomiko aitzindari haiek gaur egungo Parte Zaharrean sortu bazituzten ere, auzoetan elkarte berriak sortzen joan ziren, hiria zabaltzen joan zen heinean. Horrela, Donostiako auzo guztiek dute erreferentziala den elkarte gastronomiko bat edo gehiago. Hain justu, kasu batzuetan auzo jakin bati lotuta jaio ez badira ere, gehienek euren “eragin eremua” auzo batera mugatu dutela deritzo Leizaolak: “Oso ondo ikusten da hori danborraden ibilbideak aztertzean. Mapa moduko bat marrazten du elkarte bakoitzak, bere eragin eremua zein den markatuz” Ildo beretik, antropologoak nabarmendu du elkarte gastronomikoek oso rol garrantzitsua jokatu dutela “auzoak egituratzeko eta ardazteko garaian”.
Horretaz gain, kasu gehienetan berez izaera politikorik gabe sortu baziren ere, Francoren diktaduraren garaian disidentzia politikorako tresna gisa ere funtzionatu zutela adierazi du antropologoak: “Izaera politikorik gabe ere, eragin politikoa izan dute”. Gaur egun ere gizarte eragile “oso aktiboak” direla deritzo Leizaolak.
Eboluzionatu beharra
Betidanik gizartean eragin handia izan badute ere, elkarteei kostatu egin zaie gizartearen aurrerapausoekin bat egitea, emakumeen eskubideen arloan behintzat. Hain justu, Union Artesanaren lehenengo estatutuetan espreski debekatzen zen emakumeen sarrera elkartean. Ondoren etorri ziren elkarte guztiek estatutu haiek kopiatu zituzten urte luzez, eta hala mantendu zen debeku hori hiriko elkarte guztietan.
Leizaolaren arabera, ordea, 1970eko hamarkadatik aurrera, emakumeen lan ordaindua aldarrikatu zen heinean, euren aisialdirako eskubidea ere aldarrikatu zen, “ez gizarteak onartzen zuelako, emakumeek borrokatu zutelako baizik”. Horrela, urte haietatik sortutako hainbat elkarte hasieratik izan ziren mistoak, emakumeen bazkide izateko eta sukaldera sartzeko aukera bermatuz. Elkarte zaharrek, ordea, askotariko formulak erabiltzen zituzten emakumeek elkarte barruan zuen presentziari dagokionez: Batzuek sartzen uzten zieten bazkide izateko, zein sukaldera sartzeko debekua mantenduz, eta beste batzuek San Sebastian bezperan eta Ama Birjinaren bezperan baino ez zieten sartzen uzten. Sukaldean sartzeko debekua paradoxikoa dela deritzo Leizaolak: “Ustez emakumearen berezko lekua den hori ere kentzen diogu. Baina galdetuko nuke, zergatik gizon horiek ez dute ariketa hori etxean egin? Segur aski gauzak beste era batera joango ziren hori egin izan balute. Logika honi erantzuten dio horrek: preziatzen dena etxetik kanpo egiten dena da, ez etxean egiten dena”.
Union Artesanak eta beste hainbat elkarte zaharrek, lehenago edo beranduago, emakumeak beste edozein bazkide gisa onartzeko pausoa eman badute ere, asko dira oraindik ustezko tradizioa mantentzearen alde agertzen direnak. Ordea, tradizio kontzeptuaren irakurketa okerra egiten dutela azaldu du antropologoak: “Tradizioa zerbait baldin bada, aldakorra da, eta horregatik sortu ahal izan ziren bere garaian elkarteak. Izan ere, sorreran gauza berritzaile eta moderno bat izan ziren”. Era berean, aurrerapauso hori ematen ez duten elkarteek euren burua “tradizioaren zaindaritzat” dutela nabarmendu du Leizaolak, eta hor tranpa bat dagoela deritzo: “Zerbait mantentzen bada da gizartearen aldaketen baitan mantentzea merezi duela erabakitzen delako, eta beharrezkoak diren aldaketak egiten zaizkiolako”. Horren harira, emakumeak onartzen ez dituzten elkarte horiek kontraesan zehatz batean erortzen direla azpimarratu du: “Gezurra da ez dituztela emakumeak onartzen, elkarteak garbitzen dituzten pertsona gehienak emakumeak baitira. Ez dira bazkideak eta ez dira gonbidatuak, baina elkartera sartzen dira. Horrek erakusten du zein posiziotan dagoen bakoitza”.
Elkarteak eta danborrada
Donostiako elkarte gastronomikoak eta danborrada eskutik hartuta joan dira duela 150 urte. Hain zuzen, elkarte askok sortu ziren momentutik dute euren danborrada propioa. Union Artesana, esaterako, sortu eta hurrengo urtean hasi zen danbor eta kupelekin kalera ateratzen. Elkarte gastronomiko bakoitzak bere danborrada izatea ia derrigorrezkoa bihurtzen joan da, eta hori da haur danborradaren eta helduen danborradaren arteko desberdintasun nagusia, Leizaolaren aburuz: “Haur danborrada udalak antolatzen du, eta helduena ez dago antolaketa horren menpe”. Horrela, gaur egun bi elkarte dira Konstituzio plazako banderaren igoera eta jaitsiera egiteko arduradunak: Gaztelubide eta Union Artesana, hurrenez hurren.
Bestalde, danborradetan elkarte batetik bestera dauden desberdintasunak agerian gelditzen direla adierazi du antropologoak, bi elkarte ereduen arteko «tentsioa» ikusten delako. Era berean, nabarmendu du danborradetan oraindik ez dagoela erabateko berdintasuna: “Danborrada batzuetan emakumeak modu guztiz parekidean sartu dira, baina oraindik gutxieneko kasuak dira horiek. Beste batzuetan emakumeek rol bat dute, baina bigarren mailakoa. Agerian gelditzen da hori ikusiz nork zuzentzen dituen danborradak, nor dagoen aurrean eta nork markatzen duen erritmoa”.
Aurrera begira
Elkarte gastronomikoen egoera aldatu bada ere, oraindik gizartean rol garrantzitsu bat jokatzen dutela deritzo Leizaolak: “Gaur egungo munduan, non ustez bakoitza bereari begira dagoen, eta harreman sozialak lausotu diren, esango nuke horren kontrakoa azaleratzen dutela elkarte gastronomikoek. Erakusten digute zein punturaino ehundura sozialak pisua izaten jarraitzen duten”. Era berean, elkarte bakoitzak bere errealitatea duela azpimarratu du antropologoak: “Batzuetan esaten da saturazioa dagoela, eta oso errealitate anitza da, batzuetan sartzeko zailtasunak daudelako eta beste batzuk ez direlako bazkide kopuru minimora iristen”.
Horren harira, bazkideen profila ere aldatu dela azaldu du Leizaolak, gaur egungo gazteek ez dutelako garai batekoek zuten egoera ekonomikoa. Bestalde, elkarte gastronomikoen erabilera ere asko aldatu dela nabarmendu du: “Haurraren urtebetetzea ospatzeko erabiltzen dira, Gabonetako afari eta bazkariak egiteko, eta abar. Beste espazio batzuk hartzen ari dira, eta bide luzea daukaten egiturak direla esango nuke”.