Anastasio elkarteak Sansustene danborrada omenduko du bere 50. urteurrenagatik

San Sebastian eguneko bandera igoera berezia izango da Antiguan, aurten, auzoan jaiari hasiera emateaz arduratzen den Sansustene danborradak 50 urte beteko dituelako. Giro ona, hortaz, bermatuta egongo da elkartean, baina ez horregatik bakarrik. Izan ere, Anastasio elkarteak omenaldi bat egingo dio Antiguako konpainiari, mendeurren erdia ospatzeko.
Anastasiokoek Manolo Mujika Memoriala eskainiko diote Sansusteneko kideei, konpainiak orain arte eginiko ibilbidea omentzeko. Saria astelehen arratsaldean emango diete Easo kaleko Anastasio jatetxearen aurrean, 16:30ean, Anastasio danborradaren irteeraren aurretik.
Sansustene danborrada 1970eko San Sebastian egunean atera zen lehen aldiz auzotik danborrak astintzera. Orduan, 40 bat lagunek osatzen zuten konpainia, kideen artean emakumerik onartu gabe. Debeku hori 2007an ezabatu zuten, ordea, eta egun 120 lagunek osatzen dute Sansutene danborrada.