Donostiako turistifikazioa eta Benta Berrin funts putreak egiten ari diren espekulazioa salatu dute

Kaleratzeak Stop plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute arratsaldean Bulebarrean hainbat herritarrek, Donostian etxebizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatzeko. Hiriko hainbat eragile batu dira deialdira, Alokairu, Zaharrean Bizi Auzo Elkartea, Bizilagunekin plataforma eta Donostia Defendatuz. Era berean, Europako Etxebizitza Eskubidearen Aldeko Koalizioko hainbat kide egon dira elkarretaratzean.
Airbnb-ren moduko plataformek eta funts putreek familia umilenak “auzoetatik botatzen” ari direla salatu dute elkarretaratzean, haien espekulazioak alokairuen prezioak 1.200 eurotik gora jartzen dituelako. Hori dela eta, pisu turistikoak “desagertzeraino mugatzea” eskatu diote udalari, auzoen gentrifikazioa ekiditeko. Era berean, “osasuna kaltetzen duten zaratei aurre egiteko”, zoru publikoa okupatzen duten terrazak eta salgaien banaketak arautzeko babes plan berezi bat ere eskatu diote udalari. Bestalde, martxoaren 28ko etxebizitzaren aldeko nazioarteko jardunaldiekin bat egingo dutela jakinarazi dute, etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatzeko, ez negozio bat.
Horretaz gain, beste elkarretaratzen bat egin dute Benta Berrin, funts putreak zonaldean izaten ari diren esku-hartzea salatzeko. Hain justu, Blackstone-Testa Socimi Inmobiliaria enpresak 2028ra arte kontrol publikoa duen 520 etxebizitza babestuko promozio pribatua erosi duela nabarmendu dute. Etxebizitza promozio horretako Victoria bizilagunak kaleratze demanda bat duela azpimarratu dute, eta bertan behera uzteko eskatu dute, bere pentsioarekin ezin duelako 800 euroko errenta ordaindu. Funts putreek beraien interesetarako erabiltzen dituzten beste etxebizitza publiko asko daudela azaldu dute Kaleratzeak Stop plataformako kideek, 313 Gipuzkoan, esaterako.