"Emakumeak era naturalean sartu dira elkartean"
Union Artesana elkarteak 150 urte beteko ditu aurten, eta haren danborradak beste horrenbeste beteko ditu datorren urtean. Jarduera ugari antolatu dituzte hori ospatzeko, mende eta erdi ez baitu edonork betetzen. Donostiako gizartearekin batera aldatu da elkartea, eta Iñaki eta Naike elkarteko bazkideekin errepasatu dugu Union Artesanaren historia eta eboluzioa.
Berezia da 150 urte betetzea. Nola sentitzen zarete?
Naike: Berezia da urteak igarotzea eta hemen jarraitzea. Aurten, 150. urteurrena izanda, denon eskuetan dago zerbait berezia egitea. Zer sentitzen duzun? Emozioa. Urte polita izatea espero dugu.
Iñaki: Azpimarratu nahi nuke guk 150 urteak ospatzeko izugarrizko zortea izan dugula, baina aurretik egon zirenek egindakoa ospatzen ari gara.
Zein jarduera egingo dituzue urteurrena ospatzeko?
N: Hilero gauza desberdinak ditugu, danborradatik hasita.
I: Ikerketa txiki bat egin dugu, Donostiako historia Union Artesanaren begietatik kontatzeko. Horrela, egutegi formatuko liburu bat egin dugu historia horrekin. Aurten, elkartearen 150. urteurrena da, baina datorren urtean gure danborradak [bizirik jarraitzen duen zaharrena] 150. urte beteko ditu, beraz, egutegian horren historia ere azaltzen da.
Aipatzekoa da hasierako danborradetan gehienak musikariak zirela. Hogei kupel eta hogei danbor ateratzen ziren, eta 80 musikari. Gaur egun, mundu guztiak har dezake parte, eta hori da danborradaren lorpen handiena.
Urketariaren estatua bat ere jarriko duzue Sarriegi plazan.
N: Aurten, omenaldi txiki bat egingo diogu urketariaren figurari elkarte barruan, eta datorren urtean urketari baten estatua jarriko dugu Sarriegi plazan. Horrela, azken urteetan egin ditugun aldaketei omenaldia egingo diegu.
Union Artesana sortu zenean, zer motatako jarduerak antolatzen zituen elkarteak?
I: Inauteri garaia zen garrantzitsuena. Garai hori ez dugu gaur egun bezala ulertu behar, baizik eta San Sebastian Egunetik hasita, inauterietako asteartera arte ulertuta. Denbora tarte hori kultur denbora bat zen, eta antzerkiak, konpartsak, zarzuelak, euskal kultur ekitaldiak, eta beste ehunka jarduera egiten ziren. Hasieran, danborrada ez zen jarduera garrantzitsuena, baina gaur egun bada. Ez dakit zein den sekretua, baina danborradak bi diktadura, bi errepublika, bi gerra eta hiru monarkia iraun ditu, beraz, zerbait dauka danborradak, donostiarrak tonto samar jartzen garela entzuten dugunean.
Danborradaz gain, beste jarduerarik egiten duzue gaur egun?
I: Kulturatik eta gastronomiatik aparte, beste jarduera oso garrantzitsu batzuk daude: jarduera solidarioak. Union Artesanari 1926an Hiritar Merezimenduaren Domina eman zioten, beharra zuten hiritarrei laguntza emateagatik. 1885ean, Toledon lurrikara batzuk egon zirenean, Antzoki Zaharrean jaialdi bat antolatu zuen elkarteak, haiei laguntzeko. Bestalde, argitaratu dugun egutegi honekin biltzen dugun diru guztia Aspanogi elkartearentzat izango da.
Union Artesana erreferentziala izan da gainontzeko elkarteak sortzeko garaian?
I: Erreferentziala izan da iraun duelako, zeren garai hartan bazeuden beste elkarte batzuk ere, iraun ez dutenak. Union Artesanak iraun du, nire ustez, kultur jarduera asko antolatzen zituelako. Baina, bai, gelditu direnak edo ondoren sortu direnak Union Artesanaren haritik sortu dira.
Zein da danborradaren eta Union Artesanaren arteko harremana?
I: Kontuan hartu behar da 1920an hiru danborrada zeudela, eta 1960ko hamarkadan hamabost edo hemezortzi. Gaur egun, ordea, 150 daude. Beraz, danborradaren zabaltzea azken hamarkadetan eman da.
N: Zabaltze hori eman da gure elkartean, beste elkarte guztietan, eta existitzen diren danborrada guztietan. Berezitasun bat dauka Konstituzio plazako banderaren igoeran edo jaitsieran egoteak, nahiz eta gaur egun auzo askotan egiten den banderaren igoera eta jaitsiera propioa.
I: Gainera, guk 150 urte daramatzagu, baina esan beharra dago orain sortzen den danborrada batek zailtasun gehiago dituela gureak bere garaian izan zituenak baino, trajea bilatu behar duelako, eta abar. Esan nahi dut inor ez dela beste inor baino gehiago, eta mundu guztia oso harro dagoela bere danborradaz. Hori da danborradaren arrakasta handiena.
Danborradaz gain, zer nolako eragina izan du Union Artesanak Donostiako gizartean?
I: Elkarteak oso momentu desberdinak ditu. Lehenengo 40 edo 50 urteetan eragin handia izan zuen hirian, antolatzen ziren jarduera guztietan zegoelako. Gerora, 1970eko hamarkadan hasi ziren berriro jarduerak antolatzen, baina uste dut Donostia zihoan dinamika berean joan zela Union Artesana.
Elkarteak eragin bera dauka gaur egungo gizartean?
I: Dena aldatu da. Donostiako Orfeoia sortu zen momentuan, esaterako, Union Artesanak utzi zizkion bere lokalak entseatzeko, hasieran zailtasunak izan baitzituzten entseatzeko lekuak topatzeko. Donostia aldatzen joan den heinean aldatu da elkartea.
N: Azkenean, Donostiako jardueretara egokitzen joan behar duzu. Oso azkar aldatzen dira gauzak, eta gu ere pixkanaka gauzak moldatzen goaz, hobetu nahian.
Noiz hasi ziren emakumeak elkarteko bazkide izaten?
N: Nik bi urte daramatzat bazkide gisa. Hau da emakumeak bazkide izan daitezkeen hirugarren urtea, eta oso aldaketa handia izan da hori. Positiboa izan da niretzat, txikitatik elkartearen parte izan nahi nuelako. Izan ere, elkartetik oso gertu egon naiz beti, aita bazkide delako. Uste dut emakumeak bazkide egin ahal izatea oso ona izan dela elkartearentzat eta gizartearentzat, parekidetasunaren alde.
I: Guztiz positiboa izan da, alde guztietatik. Gizartea bide horretatik doa era naturalean, eta emakumeak era naturalean sartu dira elkartean. Naike elkarteko bazkide bat gehiago da, eta ez daukat sentsazioa inork planteatzen duenik emakumea edo gizona den, bat gehiago da eta puntu.
Bazen garaia hori aldatzeko.
I: Bazen garaia, bai. Askoz lehenago egin behar zen aldaketa, baina etorri denean etorri da, naturaltasunez.
N: Lehenengo egunetik harrera ona izan dut eta ez dut inongo arazorik izan. Izan daiteke, agian, gizarteak eskatzen zuela aldaketa hori lehenago egitea, baina iritsi da, denak moldatu gara, eta oso positiboa izan da.
Zenbat bazkide zarete elkartean?
I: 215 bazkide gara.
N: Eta uste dut 10 emakume garela bazkide momentu honetan. Pixkanaka goaz. Kontua da elkarteko bazkide kopuru finko bat dagoela, eta bat sartu ahal izateko beste bat joan behar dela. Itxaron zerrendak agintzen du.
I: Bazkide gizon batzuen kasuan, baita ere, bera bazkide izatetik kendu da, baina bere emaztea, alaba edo dena delakoa sartu da.
Zure kasuan, Naike, nola erabaki zenuen bazkide egitea?
N: Nire aita eta anaia bazkide dira, eta biek asko erabili dute elkartea. Edozein gauza egiteko elkartea beti presente egon da etxean, eta pentsatzen dut nik bere momentuan ez nuela ulertzen zergatik ezin nintzen honen partaide izan. Pixkanaka, aldaketak ikusten dituzu, eta gizartea berdintasunaren alde aldatzen joan da, nahiz eta oraindik lanean jarraitu behar dugun. Beraz, etxean hainbeste Union Artesana izan dudanez, zergatik ez nintzen bazkide egingo? Aukera ikusi nuen, itxaron zerrendan denbora bat egon nintzen, nire txanda iritsi zen, deitu zidaten, eta hemen nago.
I: Gainera, Naikek danborrada zuzentzen du. Lan hori egiten duen lehenengo emakumea da, eta garrantzitsua da hori.
Danborradetan emakume baino gizon gehiago daude oraindik ere.
I: Zalantzarik gabe. Azkenean 150 urteko tradizio bat da eta denbora behar da.
N: Pixkanaka egokitzen ari gara. Iñakik esan duen moduan, hasieran danbor eta kupel-jotzaile baino musikari gehiago zeuden, eta orain alderantziz da. Emakumeak elkarteetan eta danborradetan sartu gara, eta bidea egiten goaz.
Elkarte batzuetan, ordea, oraindik emakumeak ezin dira bazkide izan. Zergatik gertatzen da hori?
N: Zaila da besteek zer pentsatzen duten jakitea, milioi bat gauza izan ditzaketelako buruan. Askoz naturalagoa izan beharko luke, emakumearen egoera aldatu beharra dagoelako.
I: Danborradan ere zein izan zen emakumeak sartzea ahalbidetu zuena? Kresala. Shock bat izan zen urte hartan, baina gero denak joan gara atzetik.
N: Ohiturekin bizi gara, eta jende askori ohiturak aldatzea kostatzen zaio, baina gizartea aldatzen doa, eta egokitu behar dugu. Danborrada batzuetan, esaterako, emakumeak daude, baina oraindik ezin dira elkarte horietako bazkide izan.
I: Gainera, askotan modu etorkorrean egin izan da, hau da, ‘danborradan sartzen uzten diegu, baina elkartean ez’. Era berean, gerora sortu diren elkarte asko hasieratik mistoak izan dira, eta Union Artesana gaur egun sortuko balitz ere hala izango litzateke.
Zu bazkide beteranoa zara, Iñaki. Nola aldatu da elkartea bazkide zinenetik hona?
I: Nik hogei urte baino gehiago daramatzat, egoitza Zuloaga plazan zegoen garaian egin nintzen bazkide. Duela 25 edo 30 urte ez zen planteatzen emakumeak bazkide izatea, nahiz eta beti egon diren elkartean, bazkide izan gabe. Ez da inoiz planteatu emakumeak bazkide ez izatea, eta aukera planteatu denean baiezkoa eman da.
Zein etorkizun dauka Union Artesanak?
N: Emakumeen kontuari dagokionez, pixkanaka lortu dugu hemen egotea, eta helburua da etorkizunean gaur egun dagoen berdintasuna areagotzea. Bestalde, aldaketa gehiago egongo dira, gizartera egokitu beharko gara, eta helburua gizartearekin batera aurrera jarraitzea da.
I: Asoziazionismoa galtzen ari da leku guztietan. Lehen, edozein jarduera zegoenean milaka pertsona ateratzen ziren kalera. Baina kapazak bagara jarduera batzuk antolatzen jarraitzeko, elkarteak iraungo du.
Danborradaren atarian gaude. Nola planteatzen duzue asteburua?
N: Lehenengo gauza, ea zer eguraldi egiten duen [barreak]. Beti oso hurbiletik bizi izan dugu danborrada, eta aurten ere danborraden inguruan ibiliko gara; dena prest daukagu jada.
I: Aurten, berezitasun gisa, omenaldi berezi bat egingo diogu danborrada zaharrari. Union Artesana duela 150 urte sortu zen, baina 25 urte lehenago beste elkarte bat zegoen: La Fraternal. Kontua da duela 175 urte ohitura zela elkartean afaltzea, eta goizeko bostetan kupel batzuk hartuta kalera ateratzea, txilibituekin lagunduta. Goizeko zortziak arte paseatzen egoten ziren, eta orduan txistulariekin elkartzen ziren, gaur egungo San Jeronimo eta Abuztuaren 31a kaleen artean. Konstituzio plazara joaten ziren sokamuturra egitera, eta zezensuzkoarekin bukatzen zuten.
Bandera jaitsieran, zezensuzko bat jarriko dugu eszenatokian, eta kupelak bakarrik egongo dira [sukaldariak eta urketariak]. Izan ere, duela 175 urteko danborradan ez zegoelako danborrik. Kupelek joko dute, eta ondoren sartuko dira danborrak, nolabait danborrada zaharrak danborrada berriari, 150 urteko danborrada berriari, ongietorria ematen diola erakutsiz. Bestalde, nahiz eta gaur egun Sarriegiren martxa den ezagunena, eta denek jotzen dutena, garai hartan Zezenak dira zen kanta nagusia, eta hori joko dugu, Sarriegiren martxaz gain.