Etorkizunerako erronkak 2020an hasten dira
Klima eta ekologia krisian gaude, baina etengabe hazi nahi dugu, konponbidea kontrako norabidea denean. Berdeguneak kontserbatzeko gauza ez badira, zer espero daiteke gure agintariengandik? Naturari buruzko diskurtso gutxiago eta ekintza gehiago behar dira.
Klima larrialdiaren aurrean diskurtso panpoxak eta hotsandikoak entzun ditugu, baina egia esan, orain arte behintzat, eginbideetan aldaketarik ez. Klima aldaketaz harago krisialdi ekologiko sakon batean murgilduta gaude, eta biodibertsitatearen galera inoiz baino azkarrago gertatzen ari da, 6. iraungitze handiaren aurrean gaudelarik. Planeta mailako arazoa izaki, erantzun globalak beharko lituzke, baina horiek guztiak tokian tokiko ekintzetatik hasten dira, Donostian hori oso argi ez dutela dirudien arren.
Gure hirian gelditzen zaizkigun berdeguneen aldeko apustu garbia egin beharko luke udalak, ahal duen neurrian horiek denak babestuz eta blindatuz. Are gehiago, degradatuak eta utzita dauden eremu artifizializatuak lehengoratzeari eta birnaturalizatzeari ekin beharko lioke. Gerriko berdea behar dugu, baina arrosario itxura hartua du. Parkeak eta berdeguneak ezin ditugu uharte bihurtu, haien arteko komunikazioa ezinbestekoa baita. Herri mailako korridore berdeak ziurtatu behar ditugu eskualde mailakoei eransten zaizkionak eta ez badaude, sortu beharko lirateke. Zoritxarrez, gelditzen ari den berde apurra kontserbatzeko gauza ez gara. Hor ditugu Belartza Goikoa eta Lourdes Txikiko basoaren kasuak.
Ur ona izateko basoak dira gakoa
Iaz 100 urte betetzen ziren Donostiako Udalak Artikutzako lursaila erosi zuenetik. Helburua kalitatezko ura izatea zen, eta horretarako arro osoa erosi zuten. XX. mendearen hasieran baso babeslearen garrantziaz ohartu ziren. Gaur egun, Añarbeko urtegitik Gipuzkoa erdiak edaten du, Donostiak barne, baina soilik Gipuzkoako mendi aldea babestuta dago, Aiako Harria parke naturalaren parte izanik. Beste erdia Nafarroan dago, baina inguruko mendiek ez dute babesik, eta gainera ustiatzen dira. Haritzaldetik aspaldi eskatu genuen Añarbeko arro osoarentzat erabateko babesa, edaten dugun ura, ezinbestekoa zaiguna, kalitatezkoa dela berma dadin. Badirudi, ordea, aurreko mende hasierako agintariak aurrerakoiagoak eta zentzudunagoak zirela gaurkoak baino. Bestela ere, noiztik ez du Donostiako Udalak kontserbazioari begira lursailik erosi? Basoen eta berdeguneen garrantziaz, baita osasunari begira, ez badira jabetzen jai daukagu. Ezin da hazi eta hazi, lurrak okupatuz eta eremu naturalak artifizializatuz. Kontrako bidea hartu behar dugu lehenbailehen, udalerria bera finitua baita.
Naturguneak babestu
Gure agintariek biodibertsitatea eta naturaren inguruko ezjakintasun handia erakusteaz gain, interes eskasa pizten diete. Duela urte mordo bat Haritzaldek eskatu zuen Landarbasoko lursaila Aiako Harria parke naturalean sartzeko, eta hasieratik aldeko jarrera agertu bazuen ere, 10 urte baino gehiago igaro dira eta ez da ezer mugitu. Mendizorrotz Natura 2000 sarean sartzeko eskaera ere duela hainbat urte egin genuen. Udaleko Ingurumen Sailak begi onez ikusten zuen, eta Usurbil zein Oriorekin kontaktuak egiten hasi ziren; baina orain arte ezer ez. Hortaz, gure apustua Landarbaso Aiako Harrian sartzea da, eta Mendizorrotzen Babes Bereziko Eremua sortzea, inguruko itsasoa, teniseko itsasaldien arteko zabalgunea eta Santa Klara uhartea hartuko lukeena. Uliari bultzada eman behar zaio eta orain tramitazioan dagoen Plan Berezia tresna bat izan daiteke, baino goranahiago beharko luke. Hasteko, Babes Bereziko Eremuaren mugak zabalduz, hegoaldera eta itsaso aldera.
Degradatutakoa lehengoratu
Arestian aipatu ditugu galdutako berdeguneak berreskuratu behar direla. Hor kokatzen ditugu Lourdes Txiki eta Belartza Goikoa, baina baita Errekatxuloko errekastoa. Izan ere, joan den asteburuan Haritzaldek deituta, 100 boluntario aritu ziren bertako 260 zuhaitz landatzen, errekaren berreskurapenean lehen urratsa emanez. Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zigun, eta Belartza Goikoan eginiko harri pilaketa ilegala dela esan zuen. Epaia garbia da, baina Donostiako Udalak ez du bete. Bien bitartean Añorgako gainetan sortzekoa zen Unanue Landa Parkea ametsa baino ez da. Bada garaia hura errealitate bihurtzeko. Haritzaldek Belartza Goikoa eta Errekatxulo Unanue Landa Parkearen parte izan nahi du, eta parkea, egi bilakatu nahi du. Zeregin handia daukate, bai, baina ondo legoke epaiak betetzetik hastea.
Erronka berezia da hiriko parkeena eta kaleetako zuhaitzena, bizi-kalitatearen eta osasunaren ikuspuntutik hain garrantzitsuak direnak. Guk defendatzen jarraituko dugu. Dena den, hemen azaldutako guztia nola ulertarazi inpaktu handiko eta beharrezkoak ez diren AHTa eta metroaren igarobibidea gisako lanak bultzatzen dituztenei? Zer espero genezake etengabe zuhaitzak mozten dutenengandik, ingurune naturala artifizializatzen ari direnengandik edo kutsakorra bezain arriskutsua den erraustegiari Gipuzkoako Ingurumen Gunea deitzen diotenengandik? Irtenbiderik bada, bide bakarra dugu; deshazkunde berdea.