Euriak tregoa emango duen arren, tenperatura oso baxuak espero dira
Euskalmetek egin ditu San Sebastian egunerako iragarpenak: euririk espero ez den arren, tenperaturek behera egingo dute, eta haizeak zakar joko du. Gaurko, egun handiaren bezperarako, “giro iluna eta motela” iragarri du euskal meteorologia agentziak, eta egunaren lehen partean euri apur bat egingo duela adierazi dute. “Litekeena da arratsaldean eta gauean ateri egotea”, gaineratu dute. Tenperaturak behera egingo du eta balio altuenak hamar gradu zentigradutik behera geratuko dira, gainera, ipar-osagaiko haizeak oso zakar joko du eta hotz sentsazioa areagotuko du. Tenperatura minimoa 4 gradu zentigradukoa izango da, altuena, berriz, zortzi gradu zentigradukoa.
Biharko, aldiz, hodeiak izango dira nagusi eta giro ilun samarra izango dela iragarri dute, bereziki egunaren lehen partean. Hala ere, “ziur asko” ateri eutsiko diola jakinarazi dute. Hotzetik jarraituko du eta iparraldeko haize fina oso bizi ibiliko denez, hotz sentsazioa are handiagoa izango da. “Arratsaldean baliteke hodei geruza saretzea eta ostarteak zabaltzea, eta egoera horrekin eguneko tenperatura baxuenak ilundu ondoren emango lirateke”, gaineratu dute. Tenperaturek behera egingo dute, eta minimoak bat-hiru gradu zentigraduren artean egongo dira; altuenak, berriz, sei-zortzi artean.
Horrela, iaz ez bezala, euriak tregoa emango die donostiarrei; hala ere, hotzik pasa nahi ez dutenek, arropa jantzi beharko dute, egun handiaz gozatzeko.