Hiritarrak saritu dituzte San Sebastian egunaren bezperan
Why Not fundazioak, Naizen Elkarteak, Bikarte Kultura Elkarteak, Jesus Rubio Raymondek eta Itziar Mintegi Martinezek jaso dute Hiritar Merezimenduaren Domina.
Hiriari egiten dioten ekarpena eskertzeko, Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu ditu gaur goizean Donostiako Udalak. Aurten, 25 hautagai inguru izan dira, eta bostek jaso dute saria: Why Not fundazioak, Naizen Elkarteak, Bikarte Kultura Elkarteak, Jesus Rubio Raymondek eta Itziar Mintegi Martinezek. Ohiko ekitaldia egin dute jendez beteriko udal batzar aretoan, eta han izan dira omenduen lagun eta senideak, baita udal taldeetako ordezkariak eta lurraldeko hainbat politikari ere.
Ekitaldiak ohiko forma izan du, eta, hasiera emateko, sarituak eta Eneko Goia alkatea aretora sartu dira Udal Txistulari Taldearen atzetik. Alkateak hartu du lehenik hitza, bost sarituek hiriari egiten dioten ekarpena azpimarratzeko: “Ekitaldi honetan hiriaren arima irudikatzen duten pertsona eta elkarteei aitortza egiten zaie, eta hori oso garrantzitsua da”. Alkateak gogoratu du ordu gutxi gelditzen direla San Sebastian eguneko festari hasiera emateko, eta aitortu du Hiritar Merezimenduaren Dominaren banaketa dela egun horren bueltan egiten den ekitaldi gogokoenetariko bat.
Itziar Alduntzin aurkezle eta irrati esatariak aurkeztu du ekitaldia, eta prozedura bera jarraitu du bost sarituekin. Lehenik, aurkezpen txiki bat egin du, eta ondoren bakoitzari buruz egindako bideo bat proiektatu dute. Ondoren, alkateak domina jarri die sarituei, eta, gero, bakoitzak diskurtso bat egin du, eskerrak emateko. Azkenik, bi dantzarik Raimundo Sarriegiren Ohorezko kontrapasa dantzatu diete omenduei, eta San Sebastian martxarekin amaitu dute saioa.
San Sebastian martxarekin eman diote amaiera ekitaldiari. Aurretik, bi dantzarik Sarriegiren 'Ohorezko kontrapasa' dantzatu diete omenduei#sansebastianeguna19 @irutxulo pic.twitter.com/ViFjvWjRSX
— Irati Salsamendi (@IratiSalsamendi) January 19, 2020
Hiru elkarte eta bi pertsona
Itziar Mintegi Martinez izan da oholtzara igotzen lehena, eta domina jaso du Animalien eta Landareen Babeserako Elkartean egiten duen lanagatik. “Zortea izan nuen Donostian jaiotzeagatik, baita nire senarrarekin zeharo maiteminduta ezkontzeagatik ere. Bidaiatzeko aukera ugari izan genituen, baina bidaien unerik ederrena hirira itzultzean iristen zen”, adierazi du Mintegik. Kontatu du bere lehen txakurra, Lagun, izan zuenean piztu zitzaiola animalienganako maitasuna, eta haiei eman dien maitasuna inoiz izan ez dituen seme-alabei eman ez diena izan dela aitortu du. “Eskerrik asko, eskerrik asko, eskerrik asko”, esanez amaitu du bere diskurtsoa.
Bigarrenik, Jesus Rubio Raymondek jaso du domina alkatearen eskutik, eta esker hitzez beterik egon da bere diskurtsoa. “Nire hautagaitza isilpean proposatu dienei eskerrak eman nahi dizkiet, eta onartu nahi dut sari honen erdia nire emaztearentzat dela, hain zuzen, ni boluntario lanetan nenbilenean bera arduratu delako etxe bat eta familia bat aurrera ateratzen, eta horrek eskaintzen dituen zaintza lanez”. Rubiok ibilbide luzea egin du gizarteko hainbat esparrutan boluntario moduan lana egiten, besteak beste, Donostizaga etxebizitza kooperatiboaren proiektuan, Caritasen eta Antiguako Pilotazaleok elkartean. Boluntariotzaren aldeko aldarrikapena egin du sarituak: “Boluntariotza betebehar sozial bat da, eta etorkizuna dauka”.
Saritutako lehen elkartea izan da Bikarte Kultura Elkartea. Errusia eta Bielorrusiako haurrei aldi baterako harrera errazten die, eta elkartearen izenean igo dira oholtzara bere presidentea, Amaia Aretxaga eta elkartearen erabiltzaileak diren bi ume. “Bikartek ez du mundua aldatuko, baina urte hauetan ume askoren bizitza aldatu dugu”, adierazi du Aretxagak. Era berean, esan du aitortza ez dela bakarrik elkartearentzat, Txernobylgo sarraskiaren ondorioak pairatzen dituzten umeena, horien harrera egiten duten familiena, eta boluntarioena baizik. Diskurtsoa amaitzeko, bi umeek eskerrak eman dituzte.
Why Not fundazioak buruko gaitzen bat duten pertsonen eta euren senideen bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten du, eta fundazioaren izenean, bere sortzaileak hitz egin du, Pablo Munillak. Gainerako omenduak zorionduz hasi du bere diskurtsoa, eta gaineratu du sariaren zati handi bat fundazioaren erabiltzaileei dagokiola.:”Denen artean lan handia egiten dute bizitzeko gogorik ez dutenek bizi-gogoa berreskuratzeko”. “Sari honek duen oihartzunari esker lortzen badugu jendeak gure berri izatea, eta gugana etortzea, gure helburuetako bat beteko da”, gaineratu du.
Naizen elkarteko Olatz Marcos Perez de Lazarragak domina jaso duen unea izan da ekitaldiko hunkigarrienetako bat. Elkarteko erabiltzaile, senide eta lagun ugari egon dira udal batzar aretoan, eta elkartearen banderak izan dira ikusgai. Ikusleetako asko hunkitu egin dira Marcosek hitza hartu duenean. Naizen elkarteak, berriz, haur eta gazteen transexualitatearen gainean sentsibilizazioan egiten du lan, eta egoera horretan dauden adin txikikoen familiei laguntza ematen die. Duela gutxi sortu zuten Donostiako taldea, eta zortzi familia izatetik ia 140 izatera igaro dira. “Gure umeek behar duten bakarra da haiek diren bezala maitatzea”. Euren seme-alabek duten meritua nabarmendu du Marcosek, eta salatu ditu egunerokoan pairatzen dituzten erasoak. “Asko egin dugu orain arte, baina oraindik izugarri gelditzen da egiteko”.