Amaitu da festa Donostian
Danbor eta upel hotsak baino ez dira entzun azken 24 orduetan Donostian, baina bukatu da, datorren urtera arte itxaron beharko dute donostiarrek berriz ere San Sebastian egunaz gozatzeko.
Urteroko legez, Union Artesana elkartea izan da bandera jaitsieran Konstituzio plazako oholtzara igo dena, eta emanaldi berezia egin dute. Izan ere, 150 urte beteko ditu aurten elkarteak, eta bi berritasun izan ditu bandera jaitsierak.
Alde batetik, upel-jotzaileak bakarrik atera dira hasieran oholtza gainera, eta Zezenak dira abestia jo dute zezensuzko batek oholtzan bueltak ematen zituen bitartean. Ondoren, danbor-jotzaileei ongietorria eman diete. Horrela irudikatu dute garai bateko danborradak, upel-jotzailez soilik osatuta egoten zenak eta sokamuturra eta zezensuzkoa egiten zituenak, 150 urte beteko dituen danborrada berriari ongietorria eman ziola. Bestetik, San Sebastian martxa jo ondoren, Ikusi mendizaleak kanta ezaguna jo dute, Konstituzio plaza bete duten donostiarren gozamenerako.
Era berean, Realeko emakumezkoen futbol eta hockey taldeak –Urrezko Danborra jaso dutenak– osorik egon dira oholtza gainean dantzatzen eta abesten. Union Artesanakoak Realeko ereserkia jotzen hasi direnean, oholtzaren aurrealdera joan dira denak, eta publikoarekin batera abestu dute.