Erraustegiaren aurkako protesta egingo dute Gipuzkoako PSE-EEren egoitzan
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM) elkarretaratze bat egingo du ostegunean, 19:00etan, Gipuzkoako PSE-EEren Bilbo plazako egoitzaren aurrean, aldundiak Zubietako azpiegitura martxan jarri ez dezala eskatzeko. “Etxean triste eta besoak gurutzatuta nahi gaituzte, baina protesta ekimenek ez dute etenik”, adierazi dute plataformatik.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) martxoaren 3ra arte atzeratu zuen erraustegia behin betiko martxan jartzeko data, azpiegitura duela zenbait hilabetetik partzialki funtzionatzen ari den arren. “Sua ez piztu” lelopean egingo duten protestarekin, pauso hori ez emateko eskatuko diete EAMko kideek Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatzen duten alderdiei.