Eskaut Gia danborradak Izar gozo dendakoak omendu ditu
San Sebastian egunean hainbat omenaldi egin ohi dira, eta Eskaut Giak ere egin zuen berea. Donostiako Parte Zaharrak galdu berri duen gozo denda zaharrena izan du gogoan: 70 urtez Kale Nagusian egon den Izar gozo denda. Danborradako kideentzat ohiko geralekua izan da urte askoan, bai Izar, eta baita ondoko Barandiaran taberna ere. Urtero danborra jo ohi dute han, eta biak itxi dituzten arte, han edan eta jan ohi zuten San Sebastian egunean, han aurrean jotzen zutenean. Horregatik, agur moduan, omenaldi berezia egin diete Izarreko langileei. Miren Beldarrainek, dendako langile beteranoenak, eskerrak eman dizkie omenaldiarengatik, eta urtero San Sebastian eguna alaitzeagatik.
IRUTXULOKO HITZAk Miren Beldarrain elkarrizketatu zuen joan den astean, Izar gozo denda itxi aurreko egunetan. Barandiaran taberna eta Izar gozo denda jabe berri batek eskuratu ditu, eta biak elkartu eta taberna bat irekitzeko asmoa du.
Bideoko irudiak: Eskaut Gia danborrada eta Asier Pagoaga.