Greba orokorraren aldarrietan oinarrituriko bizikleta martxa egingo dute larunbatean
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako deitu duen greba orokorrera begira, Donostiako Greba Batzordeak bizikleta martxa bat egingo du larunbatean. Lan, pentsio eta bizitza duinen aldarrian oinarriturik, hirian zeharreko ibilbide bat egingo dute, protesta hiriko gune jakinetara eramateko.
Tabakaleran elkartuko dira, 11:30ean, grebari buruzko prentsaurreko bat eskaini eta, ondoren, bizikleta martxa abiatzeko. Lehen etenaldia Egiako epaitegian egingo dute, Kalkutako Teresa plazan, herritar guztientzako eskubide guztiak aldarrikatzeko.
Gero Askatasunaren hiribidea gurutzatuko dute, hor dauden bankuen sukurtsalen aurrean aberastasunaren banaketa exijitzeko, eta hortik Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitzara joango dira, eskubide sozialak eta pentsio duinak aldarrikatzeko. Azkenik, lan prekarietatea salatzeko asmoz, San Martin merkataritza-gunean etengo dute martxa.
Eskubide Sozialen Karta Euskal Herriko 145 eragile sozial eta sindikalek osatu dute, eta Hegoaldeko instituzioei “bizitzaren sustengua erdigunean jartzeko” programa sozial bat garatzea proposatzen die.