Ikasleek Kargatzen prozesua abiatu dute, ikasle mugimendua berpizteko
Euskal Herriko ikasleek Kargatzen prozesu eratzailea aurkeztu zuten joan den larunbatean Donostiako Bulebarrean, ikasle mugimendua berpizteko beharrari aurre egiteko. Gora ikasleon borroka! lelopean egin zuten aurkezpena, eta Euskal Herri osoko ikasleak egon ziren han. Joan den urriaren 12an, Gasteizen, egin zuten lehenengo agerraldia, azaroaren 28an euskal hezkuntza sistema propio baten aldeko ikasle grebaren deialdia egiteko. Oraingoan, ordea, “antolatzeko eta borrokatzeko modu berri bat” lortuko duen eragile bat sortuko dutela iragarri dute.
Ikasle mugimenduan hutsune bat dagoela azaldu dute ikasleek, eta “pilak kargatzeko” beharra duela. Horregatik, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako kideak ikasturte hasieran elkartzen hasi ziren: “Gaur egungo hezkuntza sistema zalantzan jarri eta berri baten aldeko bidea batera eraikitzeko batu gara, 150 ikasletik gorako asanbladak egitera helduz”.
Horrela, Kargatzen prozesua Euskal Herriko ikastetxeetara zabalduko dute, “hezkuntza sistema propio eta askatzaile” baten alde egingo duen eragile berri bat sortzeko prozesu hori ahalik eta horizontalena izan dadin. Liburuxka bat izango da Kargatzen prozesuaren oinarrizko tresna, zeinen bidez ikasleek eztabaidak proposatuko dituzten eta ikasle subjektu berriaren oinarriak zehaztuko dituzten. Liburuxkak hiru atal izango ditu: Ikasle mugimenduaren bilakaera eta egoera politikoaren hausnarketa, ikasle estrategia berriaren nondik norakoen definitzea eta subjektu berriaren oinarri ideologikoak eta antolakuntza eredua lantzea.