Jonpa Albisu omendu dute Ikatz kaleko bandera jaitsieran
Konstituzio plazako bandera jaitsiera handiaren ondoren, urteroko legez, Ikatz kaleko bandera jaitsiera propioa egin zuten atzo, Arrano Beltza elkartearen aurrean. Hainbat lagun bildu ziren elkartearen aurrean, eta Danbor Nagusiak, eskailera batean igota, danborrada inprobisatua zuzendu zuen. Nabarmentzekoa da iazko abuztuan zendutako Jonpa Albisu euskaltzalearen eta Berriako langilearen omenez egin zutela bandera jaitsiera. Izan ere, oso ezaguna zen Albisu Parte Zaharrean eta Donostiako herri mugimenduetan, eta Ikatzeko danborradan ibiltzen zen beti. San Sebastian martxaz gain, hainbat euskal abesti jo eta kantatu zituzten han bildutakoek, eta giro ezin hobean bukatu zuten San Sebastian eguna.