Satorralaiak elkarretaratzea egingo du Pio Barojako metroaren lanen aurrean
Etzi, hilak 23, Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Batzordeak metroaren igarobidearen obrak bisitatuko ditu. Hori dela eta, Satorraia bizilagunen mugimenduak elkarretaratze bat egingo du. Protesta ekintza 10:00etan izango da Pio Barojako metroaren lanen aurrean. “Metroa eraikitzeko beharrik ez dagoela, xahutzailea dela eta partaidetzarik gabe inposatua dela esango diegu”.
Satorralaiak azpimarratu du abenduan egin zituzten irregulartasun salaketekin lotura izan dezakeela parlamentarien osteguneko bisitak. “Metroaren lanetan atzemandako irregulartasun larrien berri emateko egindako agerraldiari ETSk ematen dion erantzuna da. Hain zuzen ere, irregulartasun larri horien gainean ke-gortina bat bota asmoz”. Horrekin batera, gogorarazi dute Fiskaltzak ikerketa bat abian jarri zuen Pio Barojan aurreikusten den larrialdi irteeraren inguruan. “Larrialdi irteera horrek trenbide-tunelen segurtasunaren nahiz bidaiarien ebakuaziorako baldintzen inguruan indarrean dauden araudi guztiak urratzen ditu”.