AHTaren aurkako protesta egin dute Nazioarteko Trenbide Jardunaldian, Goiak hitza hartu duenean
Basque Railway 2020 lelopean egiten ari dira Nazioarteko IV. Trenbide Jardunaldia Kursaalean, eta AHTaren protesta egin dute, jardunaldia hasi denean. Naiz hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, Eneko Goiak hitza hartu duenean, AHTaren aurkako lau aktibista oholtzara igo dira pankartekin, eta Abiadura Handiko Trenari ez, Lurraren defentsan gogor eta tinko eta Herria bizirik, AHTrik ez aldarrikapenak oihukatuz, besteak beste.
Aipatu hedabidearen arabera, ekitaldia gelditu egin dute segurtasun zerbitzuek aktibistak agertokitik atera dituzten arte, ikusle batzuek aktibisten aurkako kanpora eta lotsagabeak oihuak botatzen zituzten bitartean. Era berean, Goiak bere hitzaldiarekin jarraitu du, gertakari “triste” bat izan dela esanez, eta aktibisten ideiak “lau katuk” baino ez dituztela defendatzen.
Era berean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak hitza hartu duenean, bi pertsona altxa dira publiko artean, AHTrik ez oihukatuz. Segurtasun zerbitzuek Kursaaletik atera dituzte aktibista horiek ere, eta Ertzaintza iritsi denerako aretotik kanpo zeuden.
Goiaz eta Tapiaz gain, aipatzekoa da ekitaldian Jose Luis Abalos egon dela, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hirigintza Agenda ministroa, EAEko trenbide sektoreko ordezkari nagusiekin eta Europako erakundeetako ordezkariekin batera.