San Sebastian egunaren balantze positiboa egin du udalak
Alderdi Eder haurrez lepo egon zen San Sebastian egunean. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Eneko Goia Donostiako alkateak San Sebastian eguna positiboan baloratu du, eta hiru gauza nabarmendu ditu: “Festa oso donostiar bat izan dela, emozioz beterikoa eta parte-hartze eta errespetu handiarekin”. Udalak azaldu duenez, beste urte batzuetan baino bisitari gutxiago izan ditu aurtengo festak, “seguruenik astelehenean ospatu delako”.
Horregatik, telebistako ikus-entzuleen datuak altuagoak izan direla nabarmendu du udalak, eta Dbuseko bidaiarienak baxuagoak. Hala ere, 2014. urtearekin alderatuta, zeinetan San Sebastian eguna astelehena izan zen baita ere, 12.435 bidaia gehiago izan ditu Donostiako autobus zerbitzua.
Era berean, egunean zehar egon ziren jarduera guztiak “bikain” atera zirela azpimarratu du Goiak, eta eguna gorabehera nabarmenik gabe igaro zela. “Horrek adierazten du errespetua nagusi izan dela hiri osoan egin diren ospakizun guztietan” adierazi du alkateak. Bestalde, Goiak eskerrak eman dizkie San Sebastian egunaz gozatu duten pertsona guztiei eta lanean aritu diren guztiei, hala nola, hedabideei, Udaltzaingoari, larrialdi zerbitzuei eta Donostia Festaki.
