25 urte dira ETAk Gregorio Ordoñez hil zuela
Donostiako Udalerako PPren alkategaia zenean hil zuen ETAk Gregorio Ordoñez Fenollar (Caracas, 1958-Donostia, 1995). Gaur da erailketaren 25. urteurrena, eta plaka bat jarriko diote larunbatean.
Gregorio Ordoñez 1983an, 24 urte zituela, sartu zen lehenengo aldiz udalean, Alianza Popularreko zinegotzi gisa. Urteekin, Donostiako politikagintzako pertsonarik ezagunenetako bat izatera heldu zen, ETAren aurka zuen jarrera gogorrarengatik, bereziki. Eusko Jaurlaritzako legebiltzarkidea ere izan zen, baina Donostian egin zuen bere ibilbide politiko nabarmenena.
Horrela, alkateorde izatera heldu zen 1991n, Odon Elorzaren aldeko botoa emanez. 1995eko udal hauteskundeen atarira alkate izateko aukerekin heldu zen Ordoñez, eta lehenago hil bazuten ere, bere alderdia izan zen Donostiako bozkatuena orduan, botoen %24,33 eta zazpi zinegotzi eskuratuz.
1995eko urtarrilaren 23an, Parte Zaharreko La Cepa jatetxean bazkaltzen ari zen Ordoñez beste hiru pertsonarekin, tartean Maria San Gilekin, orduko EAEko PPren presidentearekin, eta Enrique Villarrekin, PPren udal taldeko idazkariarekin. 15:25ean ETAko kide bat sartu zen jatetxean, aurpegia estalita zuela, eta buruaren atzealdean tiro egin zion Ordoñezi, momentuan bertan akatuz. PPko zinegotziak ez zuen eskoltarik eramaten.
Ordoñezen erailketarekin, kargudun politikoen aurkako ofentsiba abiatu zuen ETAk. Nahiz eta ezin izan den inoiz frogatu nor izan zen tiro egin zuen pertsona, ETAko hiru kide zigortu zituzten: Francisco Javier Garcia Gaztelu, Juan Ramon Carasatorre Aldaz eta Valentin Lasarte Oliden. Lehenengo biek kartzelan jarraitzen dute, eta Lasarte 2015ean gelditu zen aske.
Omenaldiak
Astinaldi handia eragin zuen hilketa horrek hirian, eta 1995ean Ordoñezi Amara Berrin kale bat jartzea adostu zuen udalak. Era berean, Gregorio Ordoñez fundazioak antolatuta, bere omenezko erakusketa bat inauguratu dute Miramarren. Bestalde, Ordoñezen omenezko plaka bat jarriko dute larunbatean, La Cepa tabernaren ondoan.