Artatxiki Biogunea elkarteak denda berria zabalduko du Intxaurrondon
Berrogei bazkide inguruk osatzen dute gaur egun Artatxiki Biogunea elkartea. Intxaurrondon elikadura burujabetza sustatzeko helburua dute, eta, hilabete askotako lanaren ostean, denda zabalduko dute bihar, hilaren 24an. Inaugurazio ekitaldi berezia egingo dute, eta, horretarako, gonbidatu berezi bat izango dute dendan. Hain zuzen, Jakoba Errekondo paisaia kulturalean espezializatutako paisajista eta ingeniari agronomoak Elikaduraren Burujabetza Euskal Herrian hitzaldia egingo du, 18:00etan.
Ondoren, 19:00etan, proiektuaren aurkezpena egingo dute, eta 19:30ean dendaren irekiera ofiziala; gainera, ospatzeko, topa egingo dute denek batera. Denda prest uzteko azken prestaketa lanak egiten aritu dira elkarteko kideak azken egunetan, eta gogotsu daude proiektuaren fase berrirako. Artatxiki Bioguneak elikadura burujabetzan oinarritutako proiektuaren lehen aurkezpena egin zuen joan den urteko apirilean, eta ordutik, denda berriaren irekiera izan da haien helburu nagusia. Lokala Intxaurrondo kaleko 54. zenbakian dago, Zulo Zahar elkartearen, Letaman gaztetxearen eta Larrotxene kultur etxearen alboan.
IRUTXULOKO HITZAk elkarteko kideekin hitz egin du, dendaren proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko. Erreportaje osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.