DBHko ikasleek hiriko memoria ezagutzeko, bisita gidatuak antolatuko dituzte
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek Donostiako oroimen historikoaren ibilbidea izeneko bisita gidatuak egiteko aukera izango dute aurten ere. 36ko gerran, 36ko estatu kolpea eta diktadura frankistaren ondoren gertatutakoa ezagutzeko aukera izango dute Donostiako Udaleko Eskubide Zibiletako atalak antolatutako bisitetan.
Bisitak martxoaren 1etik maiatzaren 31era egingo dituzte, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. “Giza Eskubideak ezagutzera emateko lanean, eta oroimen historikoa lantzeko ahalegin honetan, udalari garrantzitsua iruditu zaio gazteek 1936ko estatu kolpearen ondorioz piztutako Gerra Zibileko eta diktadura frankistako gertaera lazgarriak ezagutzea. Testuinguru horretan, ibilbide honen bidez Donostian gertaturikoa gerturatu nahi da, bereziki, belaunaldi gazteei”, jakinarazi du udalak.
DBHko ikasleek oroimen historikoa ezagutzea eta giza eskubideen urraketen gaira hurbiltzea da helburua, ikastetxetik kanpo historia modu interaktiboan lantzeko eta “haiengan jarrera kritikoa sustatzeko”. “Ekimen honi esker, ikastetxean ikasturtean zehar landuko den gaia osatzea lortuko dute, eta, horretarako, ikasgelan lantzeko prestatu den material didaktikoaren laguntza izango dute”, gaineratu dute.
Ibilaldiek ordu eta erdiko iraupena izango dutela azaldu dute, eta astelehenetik ostiralera izango dira, 9:00etatik 17:00etara egiteko aukera izango da. Izen ematea, 2020ko otsailaren 28a baino lehenago egin beharko da, info@komazk.com helbide elektronikoan eta 943 456 000 telefonora deituz.
Ibilbidean zehar, honako guneak bisitatuko dituzte ikasleek:
1.- Easo plazako kioskoa (abiatzea).
2.- Garai bateko suhiltzaileen eraikina (babeslekua).
3.- San Jose ikastetxea (atxikitze lekua).
4.- San Martzial kalea 48-50 (bonbardaketa lekua).
5.- Txurruka kalearen eta Askatasunaren hiribidearen bidegurutzea (komunikabideak eta zentsura).
6.- Maria Cristina hotela (borroka lekua).
7.- Nautikoaren pasabidea (fusilamendu lekua).
8.- Omenezko eskultura.