Gregorio Ordoñezen bizitzako pasarte guztiak biltzen ditu bere omenez Miramarren jarri duten erakusketak
Gaur, urtarrilak 23, 25 urte dira ETAk Donostiako Udaleko PPko zinegotzia zen Gregorio Ordoñez hil zuenetik, Parte Zaharreko La Cepa jatetxean bazkaltzen ari zen bitartean. Urteurrena dela eta, haren omenezko erakusketa bat antolatu du bere izena daraman fundazioak Miramar jauregian, Gregorio Ordoñez. Bizitza posiblea izenburupean, eta apirilaren 30era arte egongo da ikusgai. Ana Iribarrek, Ordoñezen alargunak, azaldu du berarentzako urteurrena “memoria egiteko” eta “eskerrak emateko” momentu bat dela, erakusketa prestatzen ari zen bitartean konturatu baita bera ez dela Ordoñez faltan botatzen duen bakarra.
Maria Jimenez erakusketaren komisarioak azaldu duenez, politikariaren biografia politiko zein pertsonala islatu nahi izan dute erakusketan. 300 objektu baino gehiago daude erakusketan, tartean argazki eta objektu pertsonalak, hauteskunde kanpainetako materiala eta hainbat egunkaritako zatiak. Era berean, Iñaki Artetak osatutako hiru ikus-entzunezko pieza ere badaude. Hiru areto ditu erakusketak: Hilketaren ingurukoa da lehenengoa, Agustin Ibarrola artistaren influentzia duena, Ordoñezen ibilbide politikoari buruzkoa bigarrena, Eduardo Chillidaren eraginarekin, eta bere jatorri familiarren ingurukoa hirugarrena, Jorge Oteizaren eragina duena. Jimenezek nabarmendu du irudikatu nahi izan dutela zer gertatuko zen Ordoñezen ibilbide politikoarekin ETAk hil izan ez balu. Horren harira, Iribarrek azpimarratu du bere bizitzako momenturik onenean hil zutela, eta “zalantzarik gabe” Donostiako alkate izango zela –bere alderdia bozkatuena izan zen hirian 1994ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan, baita 1995eko (bera hil eta hilabete batzuetara) udal hauteskundeetan ere–. Bestalde, Enrique Bonet erakusketako zuzendariak nabarmendu du erakusketa “tragedia batetik” abiatzen dela, baina “baikorra” dela.
Iribarrek adierazi du garrantzitsua izaten jarraitzen duela Ordoñezen hitzak entzutea, haren aburuz, asko baitago egiteko ETAren biktimekin: “300 familia baino gehiago daude ez dakitenak nor izan zen beraien senidea hil zuena”. Era berean, erakusketa bereziki gazteei zuzenduta dagoela azaldu du Iribarrek, eta bisita gidatuak ere egingo direla. Bisita horiek egiteko hainbat pertsona boluntario aurkeztu direla esan du, hala nola, Eneko Goia Donostiako alkatea, Denis Itxaso Gipuzkoako diputatua, Fernando Savater filosofoa eta Consuelo Ordoñez, politikariaren arreba. Erakusketak bidaiatu ere egingo duela iragarri du Ordoñezen alargunak, Bruselara, besteak beste. Prentsarentzako inaugurazioa egin ondoren, inaugurazio ofiziala egitekoak ziren eguerdian, non Goia, Jose Maria Aznar PPko buru ohia eta Pablo Casado gaur egungo PPko burua egongo diren, besteak beste. Bestalde, Ordoñezen omenezko plaka bat jarriko dute larunbatean, Abuztuaren 31 kalean, La Cepa jatetxearen ondoan.