"Jaietan zehar, onartezinak izan diren jokaeren testigu izan gara"
Antiguako auzotarrek elkarretaratze bat egin dute, Txitxibitxiak talde feministak deituta, jaietan zehar gertatutako eraso sexista bat salatzeko. Azaldu dutenez, salaketa bakarra jaso dute, baina "onartezinak" diren bestelako hainbat jokabideren berri ere izan dute.
Auzoko emakumeen sareak eraso sexistei aurre egiteko protokoloa landu du Antiguako jaietarako, 24 orduz martxan egon den salaketa telefono batekin eta kalean egon diren brigada feministekin. Asteazkenean, San Sebastian eguneko gauean eraso sexista bat gertatu zela jakinarazi zuten, eta gaur, Txitxibitxiak talde feministak deituta, auzotarrek elkarretaratze bat egin dute eraso hori salatzeko: “Aske eta erosoa izan beharko lukeen jaietako gune batean, neska talde batek, etengabeko jazarpena jasateagatik gunetik joatea behartuta egon ziren”.
Elkarretaratzean azaldu dutenez, hura izan da Txitxibitxiek jaietan zehar jaso duten salaketa bakarra, baina, horrez gain, festak iraun duen egunetan zehar hainbat jokabide “onartezinen” lekuko izan direla adierazi dute: “Emakumea objektu sexual batekin parekatzen dituzten komentario matxistak, jaietan trago batzuen aitzakian egindako erasoak, topikoetan oinarritutako emakumeen kontrako mespretxuak… eta guztia ingurukoen onarpen eta inpunitate osoarekin”. Gainera, salaketak jasotzeko eskaini duten telefono zenbakian bromazko deiak jaso dituztela azaldu dute.
Antiguan jarrera sexista eta matxistek lekurik ez dutela nabarmenduz, gertaera hauek lanketa sakonak egiteko beharra agerian uzten dutela azpimarratu dute, eta jendeari “hipokritak izateari utzi” eta beraien eta ingurukoen jarrera sexistak zuzentzeko ardura hartzea exijitu diote.