Metroaren aurkako protesta parlamentariek Pio Barojako obrara eginiko bisitan
Eusko Legebiltzarreko Azpiegitura Batzordeko parlamentariek Donostiako metroaren Pio Barojako obrak bisitatu dituzte goizean, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) eskutik. Iritsi direnean, Satorralaiako kideek antolaturiko protestarekin egin dute topo, hauek igarobidearen proiektua “behargabekoa, xahutzailea eta inposatua” dela zioen pankarta eusten zuten bitartean: “Metro bat Donostian zertarako?”.
Parlamentariek gaur bisitatu duten lekuan eraikiko duten larrialdi irteera, metroaren igarobideko bakarra izateaz gain, legez kanpokoa dela salatu du hainbatetan Satorralaiak. Hain zuzen, sute arriskuen prebentzioan aditua den Hans Heydemann ingeniari alemaniarraren txostenean oinarrituta, urrian salaketa bat aurkeztu zuten Fiskaltzan. Txosten horrek proiektuaren hainbat irregulartasun seinalatzen ditu, hala nola, igarobideak beharrezkoak dituen hiru larrialdi irteera izan ordez soilik bakarra duela, eta 500 metro dituen irteera horrek %15eko malda duela; legez onarturikoaren ia bikoitza, alegia.
Abenduaren 11n, Satorralaiako kideek agerraldi bat egin zuten gaur obra bisitatu duen azpiegitura batzordean, parlamentarien aurrean metroaren proiektuko “irregulartasun larriak” salatzeko. Goizeko bisita, ETSko zuzendaritzak salaketa horien aurrean aurpegi garbiketa bat egiteko helburua duela adierazi du plataforma herritarrak.
Eusko Legebiltzarreko Azpiegitura Batzordeko parlamentariak Donostiako metroaren obra bisitatzera etorri dira Pio Barojara
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) January 23, 2020
Satorralaiako kideekin egin dute topo: "Behargabekoa, xahutzailea, inposatua. Metroa Donostian, zertarako?" @irutxulo @satorralaia pic.twitter.com/ycCid9FFYR