Donostiako Erdialdeko eta Parte Zaharreko bizilagun gehienak 64 urtetik gorakoak eta emakumeak dira
INEren datuetan oinarrituta, Espainiako Estatuko mapa bat osatu du eldiario.es hedabideak, kalez kale bizilagunen adina, generoa eta jatorria islatuz, besteak beste. Donostiako kasua esanguratsua da, hainbat datu azaleratzen baititu. Alde batetik, adinari dagokionez, hiriko biztanle gehienak 35 urtetik gorakoak dira, auzo guztiak aintzat hartuta. Are esanguratsuagoa da Erdialdeko eta Parte Zaharreko kasua, bizilagun gehienak 64 urtetik gorakoak baitira. Era berean, hiriko biztanleria gazteena Intxaurrondon, Bidebietan, Ibaetan, Aieten eta Miramonen dago, bereziki. Argazkian, Donostia osoa ikus daiteke, koloreka banatuta. Zonalde berdeetan 19 urte baino gutxiagoko biztanleak dira gehiengoa, horietan 20 eta 34 urte artekoak, urdinetan 35 eta 49 urte artekoak, laranjetan 50 eta 64 urte artekoak eta gorrietan 64 urtetik gorakoak (kolore bakoitzean, gero eta tonalitate ilunagoa, orduan eta adin altuagoa).
Bizilagunen generoari erreparatuz, Donostiako biztanle gehienak emakumeak dira, Erdialdean eta Parte Zaharrean, bereziki, emakumeen proportzioa gainontzeko auzoetan baino altuagoa baita. Era berean, gizonak gehiengoa diren zonalde bakarrak Intxaurrondo ingurukoa, Anoeta estadioaren ingurukoa eta Ibaeta ingurukoa dira. Argazkian hiri osoa ikus daiteke; morez emakumeak gehiengoa diren zonaldeak daude, eta horian gizonak gehiengoa direnak (gero eta tonalitate ilunagoa, orduan eta emakume edo gizon ehuneko altuagoa).
Azkenik, Donostiako bizilagunen jatorriaren inguruko datua ere esanguratsua da, auzo guztietako bizilagunen gehiengoa Donostian jaioak baitira, eta inguruko herrietakoak udalerri horietatik kanpo jaiotakoak. Datu hori Donostiako bizilagunen adinarekin batera irakurriz gero, are esanguratsuagoa da, hiriko biztanle gehienak zaharrak eta Donostian jaioak direla ondorioztatzen baita. Argazkian, kolore morez udalerrian bertan jaiotakoak diren biztanleen gehiengoa duten zonaldeak, gorriz autonomia erkidego bereko beste udalerri batean jaiotakoak gehiengoa direnak, berdez beste autonomia erkidego batean jaiotakoak gehiengoa direnak eta beixez Espainiako Estatutik kanpo jaiotakoak gehiengoa direnak (kasu honetan ere, gero eta tonalitate ilunagoa, orduan eta ehuneko altuagoa).