"Frogaren lekuan, poliziaren interpretazio librea jarri dute"
Hamabost urte baino gehiago daramatza Aiert Larrartek (Hernani, 1976) epaitegietan lan egiten.
Abokatu gisa, torturaren aurkako taldean ibili zen lehenik, eta gero, Auzitegi Nazionaleko terrorismo kasuetan espezializatu zen. Azken urteetan, berriz, ekintzaile sozialen aurkako salaketekin ere egin du lan, eta, egun, 2018an erraustegira eginiko martxan parte hartu zuten lau herritar auzipetuen defentsa darama.
Zer leporatzen diete 2018ko iraileko martxan hartan parte hartu zuten lau herritarrei?
Desordena publikoen arduradun izatea leporatzen diete. Ertzaintzak jarri du haien aurkako salaketa, martxa horretan poliziarekin enfrentamendu bat egon zela argudiatuz. Egun hartan, ekintzaile batzuek hesi bat moztu zuten, eta pinturaz beteriko globoak bota zizkieten erraustegiko eraikuntza lanetako makinei. Han zegoen jende guztiaren artetik, Ertzaintzak lau pertsona identifikatu zituen, eta gertatutako istilu guztiak haiei egozten dizkie orain.
Identifikatu zituzten lagunak aurpegia estali gabe zeuden bakarrenetarikoak ziren, eta baita helduenetarikoak ere. Ez dakit zein irizpideri erantzun zion prozedimendu horrek.
Akusatuek, euren partetik, istilu horiek eragin izana ukatzen dute.
Beraiek han egon ziren, ehunka pertsonen artean, baina ez ziren ez antolatzaileak ez istiluen sustatzaileak izan. Ertzainek ezin izan zuten arduradun bat identifikatu, eta beraiek hartu zituzten.
Akusatuetako bat ez zuten fisikoki identifikatu, bisualki baizik.
Handik ibili zela ikusi zuten, eta bera ere kausan sartzea erabaki zuten, baina ez dute egozten diotenaren inolako frogarik. Esan dezaketen gauza bakarra da egun horretan bera ere han egon zela, beste hiruekin batera.
Zertan datza identifikazio bisuala?
Polizia bazara, identifikazio bisual batekin norbaiti delitu bat leporatu diezaiokezu. Baina, ziur zaude pertsona hori izan dela? Zenbateko distantziara ikusi duzu? Itzalak jotzen al zion? Bere antza duen norbait egon zitekeen inguruan? Prozedura penalaren bidez, epaiketan halako gauzak planteatu daitezke eta ertzaina galdekatu egin dezakezu. Baina Mozal legearekin ez, prozedura hori administratiboki egiten delako.
Nola eragin du ‘Mozal legeak’ protesta sozial eta politikoa zigortzeko moduan?
Mozal legea helburu jakin batekin egin zuten, eta bere bitartez, prozedura penaletik zihoazen gauzak prozedura administratibora pasa dituzte. Honek zer esan nahi du? Herritarrok prozedura penalean genituen eskubide batzuk murriztu egin direla.
Bide penaletik, poliziaren hitzek salaketa izaera zuten, eta Mozal legearekin, aldiz, froga izatera pasa dira, egiatasun presuntzioa dutelako. Gainera, prozedura penalean, abokatuak espediente guztia ikusteko eskubidea dauka, eta bide administratiboan, berriz, ez. Denborarekin agian ikustea lor dezakezu, baina, tarte horretan, isuna azkar ordaindu eta onura ekonomiko bat izateko aukera galtzen duzu.
Hori ikusita, ondoriozta daiteke prozesu hauetan herritarrek ahalik eta berme gutxien izan ditzatela bilatzen dutela, eta identifikazio bisualaren kontua bide horretatik doa.
Halakoetan, hortaz, herritarrak ez du zer esanik?
Nik beti berdina diot. Prozedura penaletan baduzu zer esana, baina zigorra administratiboki iristen bazaizu, eta zuk horren aurkako frogak aurkeztu nahi badituzu, ziurrenik ordainketa murriztua egiteko epea iraungi egingo zaizu. Hori da tranpa.
Azkenaldian, Donostian hainbat isun jarri dituzte poliziari errespetua galtzeagatik. Zer da, bada, agente bati errespetua galtzea?
Zuzenbide penalean horren inguruko irizpide argi eta zehatzak daude, baina Mozal legearekin guztiz galdu dira. Dena arbitrarioagoa bilakatzen da, eta gertatutakoa poliziaren interpretazioaren arabera ulertzen da. Zer den errespetua galtzea? Ba, ertzainak berak dioena izango da.
Frogaren lekuan, poliziaren interpretazio librean oinarrituriko sistema bat jarri dute. Hor mekanismo independente bat falta da. Izan ere, nork erabaki behar du zer den errespetua galtzea? Ertzainak ala epaileak?
Identifikazioetan eragozpenak jarri izanagatik ere hainbat isun jarri dituzte. Poliziak edozein unetan identifika al zaitzake? Herritarrek ukatzeko eskubidea dute?
Pertsona bat identifikatzeko, arrazoi jakin bat eduki beharko lukete, eta arrazoi hori delitu baten susmoa izan beharko litzateke. Eta kito. Nik, herritar gisa, ezer egin ez badut, ez dut zertan identifikatu behar.
Eskatu badizute ere, zuk ez identifikatzeko eskubidea duzu. Kasu horretan, poliziek komisaldegira eraman zaitzakete identifikazioa gauzatzeko, baina ez atxilotu moduan. Alegia, ez duzu abokaturik beharko, ez dizutelako deklaraziorik hartuko, eta identifikazioa ahalik eta denbora tarte laburrenean egin beharko dute.
Kasu horretan, isunik jarri diezazukete identifikazioa eragotzi duzula argudio gisa erabilita?
Mozal legearen bitartez isun administratibo bat jaso dezakezu, bai.
Halakoetan, helegite bat jartzeak merezi du?
Zalantzak dauzkat. Helegite horri aterako diozun etekina baloratu behar duzu. Lasaiago geratuko bazara, egin ezazu, eta etekin politiko bat aterako badiozu, baita ere. Ordea, zure asmoa gaia gainetik kendu eta ahaztea bada, agian garaiz ordaintzeak merezi dizu. Halako kasuetan, herritarrak egin dezakeenaren inguruko gida batzuen beharra dago.
Poliziak herritarrek euren eskubideekiko duten ezjakintasuna baliatzen duela uste duzu?
Bai, erabiltzen du, argi eta garbi. Eta, horrekin batera, debekuen joera gehiagora doa: urrian arlo digitaleko Mozal lege berri bat onartu zuten eta, orain, poliziak epailearen baimenik gabe webgune bat ixteko ahalmena dauka.