Hiriko gazteek bloke propioa osatuko dute greba orokorraren egunean
Hiriko hainbat gazte taldek eta eragilek agerraldia egin dute kaian, urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egin eta gazte bloke bat osatuko dutela iragartzeko: “Gu ere, lan, bizitza eta pentsio duinak eskuratzera bidean, oldarraldi neoliberalari aurre egiteko aterako gara kalera hurrengo ostegunean”.
Agerraldia kaiko kofradiaren teilatuan egin dute, arrazoi jakin batengatik: “Donostiako gazteon prekaritate egoera areagotzen duten hiri-eredua eta udaletxetik bultzatzen diren neurri eta politikak ere jarri nahi ditugu jo-puntuan”. Hirian bizitza duinerako tokirik ez dagoela azpimarratuz, “postaleko Donostiaren atzean” dagoen prekarietateak “gazte aurpegia” duela adierazi dute.
Gainera, krisialdi ekonomikoak gazteak bereziki kolpatu dituela nabarmendu dute, eta prekarizazio prozesuei aurre egite aldera, “herri mugimenduen arteko sinergiak landu eta indarrak batzeko” unea dela ondorioztatu dute. Hori izan da, hain zuzen, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako proposamenarekin bat egitera bultzatu dituena.
Donostiak zein Euskal Herriak norabide aldaketa bat behar dutela argudiatuz, urtarrilaren 30ean lan, bizitza eta pentsio duinen alde aterako dira kalera. Aurretik, ordea, prestakuntza lanak egin beharko dituztela zehaztu dute, larunbatean, 10:00etan, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean elkartuko direla iragarriz.
Tailer eta mahai-inguruen bitartez, greba orokorrerako behar dituzten hausnarketa, tresna eta edukiak landuko dituzte gaztetxean. Horretarako, Piztu Donostia dinamika ezagutu eta grebaren egunean jaso dezaketen errepresioari nola erantzun jakiteko solasaldia egingo dute, besteak beste.
Greba orokorreko gazte blokearekin bat egin duten hiriko eragileak hurrengoak dira: Amarako Gazte Asanblada, Sutan Bang, Amarako Bertso Eskola, Mamur Aisialdi Taldea, Amarako Talde Feminista, Egiako Neska Gazteak, Txantxarreka Gaztetxea, Donostiako Piratak, Intxaurrondoko Gazte Feministak, Ernai Donostia, Unibertsitateko Neska Gazteak, IEP eta Ernai Ibaeta Uni.
Blokera batu nahi diren eragileak Donostiako Greba Komiteko sare sozialetara idatziz atxiki daitezke.